Orconera-Lutxana industria-ondarea plazan

Bizkaie! 2022-01-26 12:18   Kulturea

Euskadiko historia industrial luzean erabilitakoak Barakaldoko Orconera pabiloian dagoz.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu bat argitaratu dau gaur, Orconera Bildumea sortuz eta Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribiduz.

Industria-ondare higigarriaren gordailua forma, neurri eta jatorri askotako 1.800 pieza inguruk osotzen dabe eta horreen artean, laborategiko tresna txikiak eta bolumen handiko elementuak dagoz, besteak beste, ibilgailu edo garabi industrialak.

Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondare higigarriaren produkzino-elementuak konserbau, berreskuratu, kudeatu, erakutsi, interpretau, ikusarazo eta hareen balioa nabarmentzeko bildumea osotzeko, Eusko Jaurlaritzeak Barakaldoko Udalagaz hitzarmen bat adostu eban Barakaldoko Lutxana auzoko Orconera pabilioian lagateko. Orain arte, behin-behineko urtenbide moduan, funtsak Bilboko Zorrotzaurre eremuko pabilioi batean egon dira.

Bilduma honek Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren Orkonera-Lutxana Bilduma izena hartuko dau aurrerantzean eta euskal industriako sektore tradizionalenen bilakaerearen erakusgarri izango da, besteak beste, meatzaritzea, siderurgia, ontzigintzea, makina-erreminta, papelgintzea, arte grafikoak eta antzekoak.

Orconerako instalazinoak egokitu ondoren, dibulgazino-jarduerak jarriko ditue martxan Euskadiko industria-iragana herritar guztiei ezagutarazoteko. Ondare horretan oinarritutako ikerketa-lanak be bultzatuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu