'Emma Kunzen unibersoa'

Bizkaie! 2022-01-26 08:15   Kulturea

Bide-urratzaile bat arte garaikideagaz olgetan.

Emma Kunz (1892-1963) artista maitagarria da. Emma Kunz ikertzaile, artista eta petrikilo suitzarra izan zan. Gaur egun, papel laukidunetan pendulu, konpas eta erregelaz egin zituen marrazki berezi eta indartsuenakaitik da ezaguna; halan da be, naturopatea be bazan eta osasunaren eta bizitzearen inguruan aholku eske hurreratzen jakozan. Kunzen eretxiz, nire jarduteko modua berez zientzia egiteko modu bat da, ezagutza sortzeko modu bat. Haren zeharkako praktika holistikoaren egokitasunari erantzuteko, Emma Kunzen unibersoa erakusketeak arte garaikideagaz olgetan jarten dau haren lana. Erakusketeak Emma Kunzen artelanen arteko aukeraketa zabal bat erakusten dau eta, horreekaz batera, Kunzen lanari edo ikerketeari buruzko gogoetea egiten daben artista garaikideen lanak.

Nire obra bisuala XXI. menderako dago egina!. Dinoenez, Emma Kunzek iragarri eban momenturen batean bere marrazkiak ulertu egingo zirala. Eta hain zuzen, artistearen gogoeta holistikoan aurreikusi zituan hainbat kontu egungo artean barruratuta dagozala emoten dau. Eszena artistikotik kanpo bizi zan eta artearen kontzeptu zabalaren adibide zan: artea eta ez-artea bereiztearen idea gitxi eresten eban; aldiz, artearen definizinoa zabaldu egin eban eta bertan sartu zituan ikerketea, medikuntzea eta naturea, baita naturaz gaindikoa, arlo magikoa eta etorkizun-sena be.

Emma Kunz artisten artistea dala esan daiteke. Haren lan artistikoek eta Kunzek berak, emakumezko irudi historiko lez, artista garaikideen interesa piztu dabe. Bertako eta nazinoarteko hamazortzi artistek sortu barri dituen obren aurreko barriketa honek hori aztertzen dau eta, era berean, kategoria tradizionalak kritikau eta dudan jarri behar diran sasoi batean oso garaikidea dan obra baten ikuspegi barri eta ezezagunak erakusten ditu.

Emma Kunzen unibersoa Emma Kunzi Espainian eskaini jakon lehenengo erakusketa handia da.

Komisarioa: Yasmin Afschar.

Artista parte-hartzaileak: Nora Aurrekoetxea Etxebarria, Agnieszka Brzeżańska, Dora Budor, Sirah Foighel Brutmann & Eitan Efrat, Athene Galiciadis, Florian Graf, Miriam Isasi Arce, Joachim Koester, Emma Kunz, Goshka Macuga, Diego Matxinbarrena, Shana Moulton, Rivane Neuenschwander, Mai-Thu Perret, Lea Porsager, Tabita Rezaire, Mathilde Rosier eta Lauryn Youden.

Emma Kunzen unibersoa. Bide-urratzaile bat arte garaikideagaz olgetan Aargauer Kunsthaus-egaz alkarlanean egindako erakusketea da. Erakusketea honako erakunde honeen babesari esker egin da: Emma Kunz Fundazinoa, Pro Helvetia Fundazinoa, Suitzako Enbaxadea Andorra eta Espainiarako, Boner Arte eta Kulturarako Fundazinoa, Hans eta Wilma Stutz Fundazinoa, Steinegg Fundazinoa, Goethe Institut, Danish Arts Foundation eta Kulturako Institutu Poloniarra Madrilen.

Donostiako Tabakalera, Kultura Garaikideko Nazinoarteko Zentroan egongo da erakusketea: Urtarrilaren 28an zabalduko ditue ateak eta bagilaren 19an zarratuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu