XXVIII. dFerian 26 konpainia izango dira
2022-01-26 09:34 KultureaMartiaren 14tik 17ra egingo dabe jaialdia.
Arte eszenikoek hartuko dabe Donostia martiaren 14tik 17ra, XXVIII. dFeria jaialdiari esker. Programazino osoaren barri emon dabe, eta sarrerak salgai jarri: gaur, eguaztena, goizeko 11:30etan zabalduko dabe txarteldegia zein interneten erosteko gunea.
Egitaraua aurkezteko ekitaldian izan dira Donostiako Udaleko Kultura zinegotzi Jon Insausti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputadu Harkaitz Millan, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbe eta dFeriako zuzendari Norka Chiapusso.
Antzerkia eta jantzea ardatz, egitarau potoloa dakar, urtero lez, dFeriak. Hemengo eta kanpoko 26 konpainiak beste horrenbeste ikuskizun ekarriko ditue Donostiara, eta, batzuk behin baino gehiago ikusi ahal izango diranez, 40 saio izango dira danetara. Data ofiziala martiaren 14tik 17ra dan arren, aurreko eta osteko egunetan be izango dira emonaldi batzuk.
Oreka izango da aurtengo gaia. Donostiako Udaleko kultura arduradunek adierazo dabenez, barritasunen alde egin dabe aurtengo programazinoan: obren % 54 estreinaldiak izango dira. Dana dala, ikuskizun eta artista beterano batzuk be aitatzekoak dira, esate baterako, Els Juglars konpainiak 60 urteko bidea ospatuko dau ¡Que salga Aristófanes! lanagaz.
Udalak beste obra honeek be nabarmendu ditu, jaialdiari ikutu apurtzaile eta barritzailea emoten deutsielako: Marina Oteroren Fuck Me ikuskizun probokatiboa; Vero Cendoya konpainiaren Bogumer lan inklusiboa; eta Burgos-New York Dantz, izen bereko nazinoarteko lehiaketea irabazi daben hainbat pieza batzen dituana.
Donostiako leku ugaritan ikusi ahal izango doguz dFeriak dakarzan proposamenak, baina, beharbada, bereziena edo deigarriena Kursaaleko fatxadea da, Oreka TX konpainiak hantxe egingo dauelako Dendu izeneko jantza bertikaleko saioa.
Programazino osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!