Eusko Jaurlaritzeak COVID pasaportea egokitu dau trans izakerea errespetau daiten
2022-01-26 08:49 KultureaOrtzadar LGBTren ekimenez.
Egun, Ortzadar LGBT lanean dabil trans personen COVID ziurtagiri hori baliozkoa izan daiten kudeaketa pribatuko Euskadiko taberna, jatetxe, jantzaleku, kultura-etxe, kiroldegi eta kirol-instalazinoetan.
Kontuak kontu, 300 bat izango dira neurri horren onuradun Euskadi osoan.
Ortzadar LGBTk alkarteak lortu dau Eusko Jaurlaritzeak trans personei COVID pasaporte edo txertaketa-ziurtagiria egokitu deiotsen sentiduten daben identidadearen arabera. Holan, COVID pasaporteak euren sexuaren/generoaren araberako izena ekarriko dau, genero-identidadeagaitiko diskriminazinorik ezari eta trans personen eskubideak autortzeari buruzko 14/2012 Legeak xedatutakoari jarraituz. Euskal administrazino guztiek nahitaez bete beharreko legea da aurrekoa.
Orain arte, txertaketa-ziurtagiriaren eskakizuna Europako Batasunaren barruko nazinoarteko mobikortasunera mugatuta egon da. Euskadin, Eusko Jaurlaritzeak eskakizun hori eguneroko jardueretara zabaldu dauenez (gimnasioa, jatetxeak, kontzertu-aretoak), beharrezkoa izan da pasaporte hori nortasunagaitiko diskriminazinorik ezari buruzko 14/2012 Legearen betekizunetara egokitzea.
Ortzadar LGBT alkartearen ordezkari Aratz Castrok azaldu dauenez, pozik gagoz alkartearen eskariari erantzuteko bizkortasunagaitik. Halan da be, adierazo dau alkarteok aldaketa horreek egiteko eskatu behar badeutse administrazino publikoei, horrek esan gura dau berbagai darabilgun errealidadea ez dala ohiko bihurtu politika publikoen egunerokoan. Gaur egun, beharrean gabiz sektore pribatuagaz batera ziurtagiria instalazino pribatuetan be baliogarria izan daiten. Horregaitik, Ortzadar LGBTk legea moldatzeko eskatu dau, trans personak errespetatuak izan daitezan eremu pribatua edo publikoa dan aintzat hartu barik.
Edozelan be, Ortzadar LGBT-k Eusko Jaurlaritzeari eskatu deutso COVID pasaportean egindako aldaketa horreen barri emoteko Ertzaintzeari eta udaltzaingoei, bai eta instalazino publikoen kudeatzaile pribatuei be, trans personen eskubideak esparru guztietan errespetau deiezan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!