Juan Aizpitarte eta Ixone Ormaetxea artistak Afrikara joan dira

Bizkaie! 2022-01-25 09:36   Kulturea

Proiektu artistiko bana egingo dabe Senegalen eta Burkina Fason, hurranez hurran.

Argazkia: Zavod Exodos | Ikusi handiago | Argazki originala

Afrikan interbentzino artistikoak egitea eta Europaren eta Afrikaren arteko hartu-emona estutzea helburu dauen Share Concept proiektuan sartu dira euskal artista bi, Etxepare Euskal Institutuak Esloveniako Zavod Exodos erakundeagaz egin dauen hitzarmenari esker. Juan Aizpitarte Senegalen dago egunotan eta Ixone Ormaetxea, Burkina Fason.

Arte plastikoen inguruko proiektu bana sortzen dabiz Aizpitarte eta Ormaetxea Afrikan. Berez, 2020an joan behar ziran hara, hitzarmena be orduan sinatu zalako, baina pandemiaren erruz behin eta barriro atzeratu behar izan dabe bidaia. Azkenik, egunotan topau dabe Afrikara joateko aukerea.

Juan Aizpitartek Art and tourism observatory dalako proiektuari ekin deutso Senegalen, kulturearen inguruko turismoaren ingurukoa. Lehen fasea Senegalen bertan egin eta gero, bigarren fasean etorriko dira workshopa, proiektuaren aurkezpena eta erakusketea.

Ixone Ormatxearen egitasmoaren izena, bestetik, Many Melo (Many Colours) da. Zezeilaren 2ra arte dabil prestakuntza fasean eta, ondoren, workshopa egingo dau, baina, Burkina Fason barik, Senegalen, Centre de Formation Profesionelle de Oukam-en. Ormaetxearen helburuak dira sormena suspertzea, ehungintzako diseinu tradizionalak ikastea, lanerako metodo barriak ezagutzea eta produktuen aurkezpena egitea. 

Kontinente bi eta hamaika herrialde batzen dituan nazinoarteko proiektua da Share Concept, hezkuntzan eta sorkuntzan oinarritua eta 2020tik 2024ra martxan egongo dana. Arteak eta sormenak komunidade hobeak eregi leikiezala eta gizarte hobea ekarri leikiela uste dabe bultzatzaileek. 

Ganera, artea norberaren ikuspuntua zabaltzeko tresnatzat dabe, eta gizarteko sektore askotan jarri dabe arretea: teknikariak, artista gazteak, komunidadea, umeak, desgaitasuna daben personak... Senegalen eta Burkina Fason egingo dira jarduera nagusiak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu