Izaskun Araluzearen marrazkiak ikusgai dagoz Bilboko Rekalde Aretoan
2022-01-25 08:12 KultureaBarriek zikloaren barruko urteko lehenengo erakusketea da.
Bizkaiko Foru Aldundiaren beka artistikoa jaso daben artisten lanak erakusteko programea da Barriek. 2022ari jagokon zikloko bakarkako lehenengo erakusketea zabaldu dabe Bilboko Rekalde Aretoan, Izaskun Araluzea Itzaren (Bilbo, 1994) marrazkien bilduma zabala.
Artisteak 2019az geroztik egin dituan lanak dira, gehienak azken sei hileotan sortuak. Marrazkiek Araluzearen ardurak eta interesak agertzen ditue. Hauxe dino egileak: argi, gainjartze eta koloreak funtsezko garrantzia daben paper ganeko marrazkiak dira.
Rekalde Aretora eroan dituan marrazkiak arkatzez egin ditu Araluzeak, marrak ondo markauta, paperaren kontra indarra eginez. Obrearen behin betiko bersinoagaz batera, inportanteak dira ezabatutako zatiak, horreek be ikusi geinkez marrazkietan, guztiz desagertu barik.
Barriek programako lehenengo erakusketa hau martiaren 27ra arte ikusi ahal izango da Rekalde Aretoan. Ohiko moduan, sartzea doban da. Araluzearen txandea amaitzen danean, Mikel Erkiagak hartuko deutso lekukoa. 2022an Jenni Alvarado, Javier R. Pérez-Curiel eta Urtzi Urkixoren obrak be ikusi ahal izango dira.
Izaskun Araluzea Itzak Artean gradua dau EHUn, eta Ikerketa eta Sorkuntza masterra egin eban unibersidade berean. Besteak beste, erakusketa honeetan parte hartu dau: Begoña (2021) Aire 2, Bilbo; Confi19, Galeria Aire, Bilbo (2020); Polita zatekeen, Torrene aretoa, Algorta (2019); Dime, Dame. Galeria Aire (2019); I_A_U, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Bilbo (2018); Hire maitale traketsa, Harriak programea, Beasain (2018).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!