Ia ehun artistaren eskulturak, Santurtziko Casa Torre jauregian
2022-01-24 13:19 KultureaSortzaileak batu eta euren lana erakustea da helburua.
Euskal Herriko eskultura-erakusketarik handiena, holantxerik aurkeztu dau Santurtziko Udalak urte hasikeran antolatu dauen erakusketa barria. Izan be, 95 artistaren eskulturak ikusi leitekez Casa Torre jauregiko erakusketa-aretoan, zezeilaren 16ra arte.
Veinte, hogei, vingt izeneko erakusketan Euskal Herriko artisten lanak batu ditue gehienbat. Izan be, ekimenaren bultzatzaile Guillermo Olmo artistearen arabera, sektorea batu beharra dago produkzinoa erakusteko. Euskal eskulturea gaur egun zertan dan ezagutzeko aukera ona da Santurtzikoa, eta artistek euren lanaren zabalkundea egin leikie.
Obrak ikusi ez eze, erosi be egin leitekez, beraz bildumagile zein zale arruntentzat aukera aproposa da. Danetariko estiloak, formatuak eta tamainuak dagoz erakusketan. Saldu ahala, pieza gehiago ekartea da antolatzaileen asmoa, eta, ahal bada, laster ehun artista baino gehiagoren lanak izatea. Izan be, zezeilaren 16an Santurtzin amaitu eta gero, erakusketea herri gehiagotara zabaldu nahi dabe.
Oraingoz, Casa Torre jauregian topauko doguz Veinte, hogei, vingt ekimeneko obrak. Goizeko 09:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 18:00etatik 21:30etara dago zabalik aretoa, astelehenetik zapatura. Udalak oharra egin dau, Casa Torren sartzeko Covid ziurtagiria behar da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!