Beti-betiko doinuak Bilboko Otxarkoagan
2022-01-24 10:56 MusikeaBoleroak, bilbainadak, otxoteak eta beste dakarz sei kontzertuko zikloak.
Beti-betiko musika tradizionalak hartuko dau Bilboko Otxarkoaga auzoa, Bilboko Udalak antolatutako Betiko musika de siempre zikloari esker. Urtarrilaren 29an, zapatuan, hasita, sei hitzordu izango dira, apirilera arte. Estilo aldetik danetarikoak entzun ahal izango ditu Otxarkoagara hurreratzen dan publikoak, baina kasu guztietan izango dira aspalditik ezagunak diran doinu eta generoak.
Esate baterako, lehenengo hitzorduan Latinoamerikako boleroak, balsak, sonak, erritmo karibearrak eta abar izango dira protagonista, Bolero's 4 taldearen eskutik. Hurrengo kontzertuetan, jotak, bilbainadak, harizko laukoteak eta otxoteak helduko dira Otxarkoagara, besteak beste.
Emonaldi guztiak zapatuetan izango dira, 18:00etan hasita. Agertokia Otxarkoagako udaltegian ipiniko dabe. Sartzea doban izango da. Hona hemen egutegia:
- Urtarrilak 29: Bolero's 4. Izenak dinoan lez, boleroak izango dira ardatza, baina Venezuelako joropo sutsuak, Peruko bals sotilak, Kubako son alaiak eta Karibeko erritmo beroak be ez dira faltauko.
- Zezeilak 12: Voces del Ebro. Kantu indartsua, Ebro ibaiaren ertzeko herrietan (Errioxa, Nafarroa, Aragoi) ohikoa dan tradizinoan oinarrituta. Jotak gehienbat, baina baita jotillak, kalejirak eta beste be.
- Zezeilak 26: Los Chimberos. Bilbainadak kantetan dituan talde ezagunenetako bat dogu hau. Habanerak eta beste herrialde batzuetako doinuak be ez dira faltauko, baina euskal tradizinoa ahaztu barik.
- Martiak 12: Trio Veracruz. Juana Ogayar, Alberto Martín eta José Sánchez, hirurak abeslari eta musikari abilak. Maria Dolores Pradera ospetsua omenduko dabe kontzertu honetan.
- Martiak 26: Ea laukotea-Behotsik Orkestrako hari laukotea. Formatu txikiko kontzertu honetan askotariko errepertorioa interpretauko dabe.
- Apirilak 9: Bilbao Argia otxotea. 1979tik kantuan dabilen taldea da hau. Lan erlijiosoak, polifoniakoak eta herri-musikearen parte diranak interpretauko ditue, konpositore unibersalei keinu eginez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!