Adimen artifizialeko obrea ipini dau Liben Svaart-ek BilbaoArten
2022-01-24 08:35 KultureaIkusleakaz berba egiten dauen Fuego makinea da erakusketearen ardatza.
BilbaoArte Fundazinoaren urteko lehenengo bakarkako erakusketea Liben Svaart bizkaitarraren Arde hasta que seas fuego/Erre sua izan arte da, eta zezeilaren 18ra arte ikusi ahal izango da Urazurrutia kaleko egoitzan. Svaart BilbaoArteren bekadun izan zan 2021ean, eta egonaldi horretan sortutako kontzeptuetan oinarritu dau orain dakarren erakusketea.
Hain zuzen be, adimen artifiziala eta gizakiakaz komuniketako gai dan teknologia dira Svaarten proposamenaren ardatzak. Fuego izeneko makinea da protagonistea, ikusleakaz berba egiten dauen tresnea, machine learning teknologiari esker. Hau da, zenbat eta gehiago komunikau, gehiago ikasten dau Fuegok, eta jenteagaz dituan alkarrizketak hobetzen doa.
Hortaz, Svaartek dei egin deutso publikoari Fuegogaz berba egin deian, kontzeptu barriak erakutsi edo ulertzen laguntzeko. Mundua beste modu baten ikusteko konbita da, makineak egingo leuken moduan pentsetako. Katalogoaren berbaurrearen egile Saioa Olmok dino Fuego izaki poetikoki transhumanoa dala.
Fuegok eten barik gauza barriak ikasten dituanez eta gizakiakaz dituan hartu-emonetara egokitzen doanez, erakusketea bera be aldatu egiten da egunez egun. Hortaz, espazio bizi eta aldakorra da, bertako elementuak beti berberak diran arren.
Erakusketea hiru aretotan banatuta dago. Lehenengoak izakera objektiboa dau, denporearen kontzeptuaren inguruko gogoetea da; bigarrenean dago Fuego, erakusketako instalazino nagusia; azkenik, hirugarren aretoan, 2021ean Ateak Zabalik erakusketa kolektiboan Svaartek egindakoa ikusten da, fuego.beta izenburupean.
Erakusketea astelehenetik barikura ikusi leiteke BilbaoArten, arratsaldez. Sartzea doban da. Fuego astelehen, eguazten eta barikuetan aktibauko dabe eta, martxan ez dagoan egunetan bezperako jarduna proiektauko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!