Javier Liñerak eta Nuria M. Crespok tailer bana dakarre Bilbaoeszenara

Bizkaie! 2022-01-21 12:32   Kulturea

Dramaturgia laborategia da bata; historian emakumeen presentzia berreskuratzeko ahalegina bestea.

Bilbaoeszenak, Bilboko Antzerki Baliabideen Udal Zentroak, prestakuntza tailer bi antolatu ditu hurrengo hileetarako, arte eszenikoen munduan eskarmentu luzea daben aditu biren eskutik. Udalak azaldu dauenez, Javier Liñerak dramaturgia laborategia gidatuko dau; Nuria M. Crespok, ostera, antzerkigintzearen historian emakumeek egindako ekarpenaren memoria aldarrikatuko dau, antzezlan laburren bidez.

Tailerretan izena emoteko epea urtarrilaren 24tik zezeilaren 4ra egongo da zabalik. Interesdunek, Bilboko Kultura Sailera jo behar dabe inskripzinoa egiteko. ADDE, EAB eta Artekaleko bazkideentzat merkeagoa izango da.

Javier Liñeraren dramaturgia laborategia, Belar-izpitik idatzi izenburuan datorrena, formatu bitan egingo da: aurrez aurre eta taldean izango dira saio batzuk; beste batzuk, Zoom bidez, ikasle bakotxari egokituta. Aurrez aurrekoak hilean behin izango dira, zezeilaren 17an hasi eta bagilera arte. Zoom bidezkoak ikasle bakotxagaz zehaztuko ditu Liñerak.

Ikastaroaren asmoa da tresnak eskaintzea bedar izpiak erne daitezan, teoriari lehentasunik emon barik, idea, bulkada eta motorren mesedetan. Egiturak landuko dira, personaiak eregiteko moduak, lekuak eta denporak. Obra bat edo obra baten zirriborroa sortuko dabe ikasleek. Materialak hartuko dira kontuan, eta, beraz, dramaturgia-mundu ohikoak edo ez hain ohikoak irudikatuko ditue.

Nuria M. Cresporen tailerrak, bestetik, hamabi saio izango ditu guztira. Emakumeek sortutako antzezlan laburrei bizia emonda, honeen historia eta gomutea berreskuratuko dabe parte-hartzaileek. Lehenengo lau saioetan aukeratuko dabe landuko dan saio historikoa, berau aztertu eta testu edo dramaturgia barria sortu; hurrengo lau saioetan emakume biziaren eta berreskuratutako historiaren arteko sinbiosiaren txandea izango da; eta azken lau saioetan eszenara eroateko 5 bat minutuko piezea sortuko dabe.

Ikastaro hau emakumeentzat da eta gehienez hamar parte-hartzaile onartuko ditue. Azken eszenaratzea maiatzaren 13an egingo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu