2022ko Urruzuno Literatura Lehiaketan lanak aurkezteko epea zabalik

Bizkaie! 2022-01-21 11:24   Kulturea

Zezeilaren 28ra arte egongo da zabalik epea, prosan nahiz poesian.

Orain hiru hamarkada baino gehiago sortu zan lehiaketa hau, euskal ikasleen artean literaturarako zaletasuna sustatzeko eta gazteek euskerea euren gogoeta, bizipen eta sentimenduak adierazoteko tresna lez lantzeko helburua bere eginda. Ordutik, Urruzuno literatura lehiaketea erreferentziazko lehiaketa bihurtu da euskal kultura eremuan eta bertan irabazle izan diran hainbat neska-mutil dagoeneko ez hain gazte ezagunak dira egungo euskal literaturan, bertsolaritzan, kazetaritzan nahiz kultur-sormenagaz lotutako beste zenbait esparrutan.

Parte hartu nahi daben ikasleek kontuan izan beharreko oinarriak honako honeek dira:

- Literatura lanak aurkezteko epea zabalik dago 2022ko zezeilaren 28ra arte.

- Kategoria bi dagoz, ikasleen ikasmailearen arabera:

B kategoria, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleentzat.

A kategoria, Batxilergoko 1. eta 2. mailetakoentzat eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan dabizenentzat.

- Literatura lanek originalak izan behar dabe eta lehiaketa honetan izena emoteko epea zarratu arte bestelako literatura saririk irabazi bakoak. Lanakeuskeraz sortuak izango dira, bai poesiaz bai prosaz. Gaia librea izango da.

Lehiaketearen oinarriak zehatzago eta parte hartzeko orria argitaratuta dagoz Hezkuntza Sailaren webgunean, hemen.

Epaimahaiak 20 lan onenak aukeratu eta sarituko ditu aurkeztutako guztien artetik: 10 lan kategoria bakotxeko (bost prosa-lan eta 5 poesia-lan). Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratuko dau saritutako lan guztiakaz Sagastiberri sailean. Liburu hori Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietara bialduko da.

Idazlanik onenak aukeratzeko, ondoko erispideak izango ditu kontuan epaimahaiak:

 Irudimena eta sormena.

 Testuaren ezaugarri literarioak.

 Testuaren arintasuna eta koherentzia/kohesinoa.

 Hizkuntzaren erabilera zuzena eta aberastasuna

Literatura egonaldia

Lan sarituen egileek, bost eguneko literatura-egonaldian parte hartzeko aukerea izango dabe. Egonaldi horretan, literatura tailerrak eta idazketeagaz nahiz literatura- sormenagaz zerikusia daben bestelako hainbat jarduera izango ditue, zenbait euskal idazleren laguntzaz. Sormen-lanean sakondu eta literatura-zaletasuna pizteko aukera parebakoa idazle gazteentzat.

Horrezaz gan, ikastetxeentzat be bada saririk. Ikastetxeen eta irakasleen ahalegina autortu eta eskertu guran, lan kopururik handiena aurkeztu daben 5 ikastetxeak be saritu egingo dira. Hezkuntza Sailaren Idazleak Ikastetxeetan programako bina saio egiteko aukerea izango dabe saritutako ikastetxeek.

Urruzuno literatura lehiaketa

Hezkuntza Sailak lehen aldiz 1986an atondu eban Urruzuno literatura lehiaketea eta 37. edizinora heldu da aurten. Hasiera-hasieratik, ikasleen artean euskeraz idazteko zaletasuna indartzea izan dau helburu ekimenak. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskeraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketeak urtez urte. Baina helburu hau ez da asmo hutsean gelditu eta azken hamarkadetako jardunak ondo erakutsi dau lehiaketeak bere helburua ondo bete dauela. Irabazle horreetako asko euskal kultur munduan entzute handikoak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo zinemarako gidoigintzan, beste zenbait arloren artean. Dagoeneko 600 inguru dira ekimen honek saritu dituan urruzunotarrak eta zerrenda horretan izenak ugarituz doaz, urtez urte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu