Kumano Kodo bidearen inguruko erakusketea Gasteizera heldu da

Bizkaie! 2022-01-20 13:14   Kulturea

Japoniako hiru santutegi batzen dituan ibilbideko 50 argazki dira.

Erakusketea, Bibat museogunean (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Irunen eta Bilbon ikusgai egon eta gero, Japoniako Kumano Kodo bidearen inguruko argazki erakusketea Gasteizko Bibat museogunera eroan dabe, eta han egongo da zezeilaren 27ra arte. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren ekimenez atondutako erakusketea da, Arabako Foru Aldundia laguntzaile dala. 

Kumano Kodo, edo Kumano bidea, Kii mendietako Kumanoko hiru santutegi handiak lotzen dituen erromes-bideen sare zabala da. Kumanoko Hongu-taisha, Hayatama-taisha eta Nachi-taisha dira Kumano Sanzan izeneko leku sagraduko hiru santutegiak. UNESCOren Gizateariaren Ondare dira Kumano Sanzan, hango erromes-bideak eta gizateriak eta natureak sortutako paisaje kulturala.

Japonia eta Euskal Herria urrun dagozan arren, Unescoren izendapenak batzen ditu herrialde bateko eta besteko ondareak. Izan be, Japoniako Kumano Sanzan eta Europako Done Jakue Bidea dira Gizateriaren Ondare diran munduko erromes-bide bakarrak. 

Hori dala eta, Kumano Kodo eta Done Jakue bideak alkarregaz senidetuta dagoz 1998tik. Argazki erakusketak antolatu ditue Japonian zein Euskal Herrian. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzeak lagatako 50 erretratu, Done Jakue Bidearen ingurukoak, Japoniako Kumano Kodo Center egoitzan ikusi ahal izan ziran orain dala urtebete, eta ondoren herrialde haretako beste erakustoki batzuetan be bai. 

Trukean, Kumano Kodo bidea erakusten daben 50 argazkiren bildumea atondu dabe japoniarrek, eta EAEko hainbat lekutan erakustea da asmoa. Irun eta Bilbo izan ziran lehenengo geldialdiak, Gasteizko Bibat museora heldu aurretik. 

Kumano Kodoren ikuspegi kulturala, naturea, historia eta ondarea erakusten ditue erretratuek. Hango ezaugarri diran zolatutako bidezidorrak, harrizko monumentuak, Budaren irudiak eta itsaso eta mendien paisaje ikusgarriak ezagutuko ditu hemengo publikoak. Terrazetako arroz eta te sailak, bestalde, personen lanaren eta naturearen arteko lankidetzearen ondoriozko edertasunaren erakusgarri dira. Belaunaldiz belaunaldi egin diran jaialdi tradizionalak be aurkezten ditu argazki erakusketeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu