Donostiaren eta txistuaren arteko loturea aztertu dau Aritz Gorrotxategik
2022-01-20 11:19 MusikeaIsidro Ansorena uriko txistularien zuzendari bihurtu zaneko mendeurrena bete da 2022an.
1922ko urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, agertu zan lehenengoz jentaurrean Isidro Ansorena, Donostiako Txistularien Bandako zuzendari karguan. Estreinaldi haren mendeurrena bete dala aprobetxauta, Aritz Gorrotxategik Hiru txulo: Donostia eta txistua argitaratu dau, Gipuzkoako uriburuaren eta txistuaren arteko loturea jorratzen dauen liburua.
Erein argitaletxeak plazaratu dau, Donostiako Udala laguntzaile dala. Udaletxean egindako aurkezpenean, Gorrotxategi bera ez da egon, baina bai Jose Ignazio Ansorena, txistularia, musikan aditua eta Isidro Ansorenaren ondarea zabaltzen dabilena. Eneko Goia alkateak be hartu dau parte agerraldian.
Liburuaren izenburuak erreferentzia egiten deutso Donostia eta euskal txistua batzen dituan ezaugarri bati: uriak hiru zulo ditu itsasotik ikusita (hortik Irutxulo ezizena), eta txistuak be hiru zulo ditu soinuak sortzeko. Bien arteko loturea ezaugarri hori baino sakonagoa da, baina.
Isidro Ansorena Elizegi (1892-1975) da, ganera, Donostiaren eta txistuaren arteko lotura hori sakontzen lagundu dauenetako bat. Txistularien Bandako zuzendari izentau ebenetik, taldea punta-puntako erreferente izatera eroan ebala aitatu dabe liburua aurkezteko ekitaldian.
Horrezaz gan, txistulari gazteagoen maisu eta eredu izan zan Isidro Ansorena, instrumentua bera hobetzeko lanak egin zituan eta errepertorioa barritu eban. Txistulari Taldea gorenera eroan eban txistularien maisuen maisu zanari gorazarre egiten jako liburu honetan, azpimarratu dabe udaletxeko aurkezpenean.
Aritz Gorrotxategik hainbat ataletan banatu dau liburua. Batetik, Isidro Ansorenaren biografia laburra irakurri geinke, eta, bestetik, Donostiako Txistulari Bandearen historia be agertu dau. Pasadizo mamintsu eta deigarriz jantzitako lana dala dino Erein argitaletxeak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!