Elisa Loncon Antileo, 2021eko Rene Cassin Sariaren irabazle

Bizkaie! 2022-01-20 08:43   Pil-pilean

Maputxeen aldeko ekintzailea eta Txileko Konbentzino Konstituzionaleko kidea da.

Elisa Loncon, IƱigo Urkullu eta Beatriz Artolazabal (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Giza Eskubideen aldeko burrukan nabarmendu diran mundu zabaleko hainbat lagunek jaso dabe urteotan Rene Cassin Saria, Eusko Jaurlaritzeak antolatua. Oraingo honetan, Elisa Loncon Antileoren izena batu da zerrendara, Txilen demokraziaren eta maputxeen eskubideen alde egin dauen lanagaitik. Gasteizen, Lehendakaritzearen egoitzan emon deutso saria Loncon Antileori Iñigo Urkullu lehendakariak. Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal be ekitaldian izan da.

Txileko herri indigenetako bat dira maputxeak, eta euren bizimoduari, kultureari eta hizkuntzeari eusteko burrukan dabiz. Ahalegin horretan nabarmendu da Elisa Loncon Antileo irakaskuntzan, politikan zein hizkuntzalaritzan. Giza eskubideen defensea izan da bere ibilbidearen ardatza.

Gaur egun, Santiago de Chileko Unibersidadeko Hezkuntza Sailean dabil, eta kanpo-irakasle lanetan Txileko Pontifize Unibersidade Katolikoan. Txileko Herri Indigenetako Hezkuntza eta Hizkuntza Eskubideen aldeko Sarearen koordinatzaile be bada.

Bestetik, Txileko Konbentzino Konstituzionaleko presidente izan zan, hau da, Hego Amerikako herrialde haretan sistema politiko bidezkoago bat eregiteko eta martxan jarteko prozesuaren eragile funtsezkoa izan zan. Horregaitik guztiagaitik, Financial Times aldizkariak munduan gehien nabarmendu diran 25 emakumeen artean sartu eban.

Rene Cassin Saria emoteko ekitaldian, mapundungunez poema bat irakurri dabe, hau da, maputxeen hizkuntzan. Ondoren, Elisa Loncon Antileok Konbentzino Konstituzionalean esan ditu berba batzuen grabazinoa entzun ahal izan da.

Iñigo Urkullu lehendakariak txalotu egin dau Loncon Antileoren jarrerea eta gizartea antolatzeko orduan dauen ikuspegia: Demokrazia erregimen politiko bat baino askoz be gehiago da, balioen sistema bat da. Giza eskubideek sistema honen giltzarri izan behar dabe. Giza eskubideak politika publikoen eta bizitza komunitarioaren printzipio inspiratzaile lez.

Beatriz Artolazabal sailburuak ganeratu dauenez, giza eskubideen defensearen, babesaren eta berme eraginkorraren aldeko konpromiso horren zati izatea garrantzitsua da. Ahalegin horren ondorio dira 2024ko Udaberri Plana, Bizikidetza, Giza Eskubide eta Aniztasuneko Plana eta Giza Eskubideen Agenda Globala: EAEk indarrean dagoan Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibersalagaz dauen konpromisoaren isla dira.

René Cassin saria Eusko Jaurlaritzak sortu eban 2003an. Jentaurrean aintzatetsi nahi da ibilbide personalaren edo profesionalaren bidez giza eskubideak sustatzeko, defendiduteko eta zabaltzeko konpromisoa erakusten daben persona edo kolektiboen jarduna. Sariari izena emoten deutsan René Cassin Baionan jaio zan, 1887an, eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibersalaren eragile nagusitzat joten da; Pakearen Nobel Saria jaso eban 1968an.

Epaimahaiak igazko zemendiaren 22an erabagi eban saria Elisa Loncon Antileori emotea. Hautagaitzea Cultura de Paz fundazioaren proposamena izan zan. Carlos Martín Beristainen (2020ko René Cassin saria) eta Federico Mayor Zaragozaren (2019ko René Cassin saria) lekukoa hartu dau palmaresean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu