Amaia Goikoetxea, euskal kazetarien buru

Bizkaie! 2022-01-20 07:56   Pil-pilean

Egunotan egin diran batzarretan barriztau dabe zuzendaritzea euskal kazetariak batzen dituen erakunde nagusi biek, Euskal Kazetarien Alkargoak eta Kazetarien Euskal Alkarteak. Kasu bietan, Amaia Goikoetxea izango da burua aurrerantzean: Alkargoko dekano eta Alkarteko lehendakari izango da.

Kazetaria izateaz gan, Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziaduna da Goikoetxea. SER irratian ekin eutsan ibilbideari, eta Eusko Jaurlaritzako komunikazinoan dabil aspaldiko urteetan.

Beragaz batera, zuzendaritzan parte hartuko dabe kazetaritzan ibilbide luzea daben hainbat lagunek. Dekanordea Amaia Fano izango da eta idazkari nagusia, Nekane Lauzirika. Ganerako batzarkideak, honeek: Begoña Beristain, Rosabel Argote, Kristina Zorita, Sergio Martinez, Julio Flor, Carmen Peñafiel eta Maite Redondo. Diruzain Mikel Pulgarin izentau dabe.

Honenbestez, hurrengo lau urteotan kazetarien protagonismoa eta alkarrizketea bultzatzen ahaleginduko da zuzendaritza barria, pedagogia sozial eta akademikoa eginez eta ganerako eragileakaz alkarlanean. Euskal kazetaritza etikoa berme demokratiko lez ikusten dauela dino Amaia Goikoetxea buru barriak.

Batez be, unibersidadeakaz eta kazetaritza fakultadeagaz hartu-emonak estutzeko beharra aitatu dau Goikoetxeak. Bere ustez, sinergiak sortzea inportantea da, besteak beste, kazetarien lanbidea gizartean eta lanean artikuletako, eta prestigio sozial handiagoa izateko. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu