Sekula baino bisitari gehiago Durangoko Arte eta Historia Museoan 2021ean

Bizkaie! 2022-01-19 13:01   Kulturea

Dario de Regoyosen erakusketea izan da jentetsuena.

Julian Rios, Garazi Arrizabalaga eta Ima Garrastatxu (argazkia: Durangoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Arte eta Historia Museoak 25 urte bete ditu, eta mende laurena momentu gozoan heldu jako, bisitarien kopuruari jagokonez behinik behin. Durangoko Udaleko eta museoko arduradunek aurkeztu daben balantzearen arabera, 17.681 bisitari joan ziran 2021ean, hau da, sekula baino gehiago.

Datuak emoteko agerraldian, museoko zuzendari Garazi Arrizabalagagaz batera egon dira Ima Garrastatxu eta Julian Rios alkateordea. Pozik agertu dira Arte eta Historia Museoak herritarren partetik dauen erantzunagaz. Gogoan izan behar da igazko bisitarien % 62 Durangaldekoak izan zirala.

Jente gehien erakarri eban erakusketea Durangoko begirada inpresionista izan zan, Dario de Regoyosen obren bildumea. 3.292 bisitari izan zituan, beste urte batzuetako erakusketa historikoek (Dali, Picasso...) baino gehiago. Ganera, erakusketa haretan ikusi ahal izan zan Merkatua Durangon koadroa erosi dau Udalak.

Bisita gidatuetan ia 500 lagunek hartu eben parte igaz. Era horretako 57 hitzordu antolatu zituan museoak. 

Gero eta jente gehiago erakarteaz gan, datuak ikusita pentsau leiteke bisitariak gustura geratzen dirala Durangoko Arte eta Historia Museoan topetan dabenagaz. Inkestetan, bisitarien asebetetze mailea 10etik 8,6 izan da. 

Arte eta Historia Museoaren eskaintzea aberasteko eta arlo kulturalean indartzeko lanean segiduko dauela agindu dau Udalak, publikoarentzat erakargarriagoa izan daiten. Museora datozan bisitariek herriko taberna eta dendetan be eragin positiboa dabela gogoratu dabe Garrastatxuk eta Riosek. 

Museoak berak, bestetik, honako mezu hau zabaldu dau sare sozialetan: Hainbeste zailtasun eta murrizketa izan doguzan urte honetan, inoiz baino bisitari gehien jaso doguz. Esan ahal dugun bakarra eskerrik asko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu