Bisitariak berreskuratzeko asmoz doa Bizkaia Fitur Azokara

Bizkaie! 2022-01-19 10:08   Pil-pilean

Turismo arloko eskaintzearen egokitzeko gaitasuna funtsezkoa izango da horretarako.

Gaztelugatxe da Bizkaiko leku turistiko ezagunenetako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko urte bietan Bizkaira etorritako bisitarien kopuruak nabarmen egin dau behera, pandemiagaitik, eta jokera horri bueltea emoten hasteko estrategiari ekingo deutso Bizkaiko Foru Aldundiak Madrilgo Fitur Nazinoarteko Azokan. Sektoreko topaketa garrantzitsuenetako bat dala aprobetxauta, erakusmahaia ipini dau, Bilboko Udalagaz alkarlanean.

Ekonomia Sustatzeko diputadu Ainara Basurko joan da Madrilera Foru Aldundiaren izenean eta, Bilboko Udalarenean, Xabier Ochandiano zinegotzia. 

Bizkaiak eta Bilbok alkarregaz aurkeztuko dabe laster Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategia, Basurkok eta Ochandianok aurreratu dabenez. Plana ezinbestekoa izango da turismoaren sektorea suspertzeko, pandemiak gogor jo dau eta. 

Osasun egoereak pixka bat hobera egiten dauenean martxan jarriko dauen eskaintza turistikoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren erakusmahaiaren ardatza Fiturren. Gaur egungo egoerea kontuan izanda, Bizkaira bisitariak erakarteko funtsezkoa izango da eskaintza arin eta malgua izatea, momentuan momentuko beharretara erraz egokituko dana.  

Bisitariak erakarteko, azkenaldion formatu digitalaren alde egin dabe Bilbok eta Bizkaiak. Horregaz lotuta, Madrilen formula barri bat aurkeztuko dabe, 2022rako, jarduera digital eta presentzialak buztartzen dituana, gaur egun merkaduak emoten dituan aukeretara egokitua eta konsumitzaileei zein turismoaren alorreko eragileei zuzendua. 

Formula horren barruan aurreikusten da kanpaina digitalak egitea lehentasunezko merkadutzat joten diran herrialdeetan, hau da, Espainia, Portugal, Frantzia, Irlanda, Erresuma Batua, Belgika, Alemania, Suitza, herrialde nordikoak, Austria, Italia eta AEBn. Horretarako, besteak beste influencer-ak erabiliko ditue.

Era berean, zuzenean lan egingo da turismoaren sektorean diharduen enpresakaz, azoken, ekitaldien, batzarren, topaketa profesionalen eta interes profesionaleko beste gune batzuen bidez. Turismoa sustatzeko egutegia ezarri da, hogei jarduera baino gehiagoduna, 12 merkadutan. Bidea Fiturren hasiko dau Bizkaiak. 

Beste alde batetik, Bilbao Bizkaia Turismo Bonuen barri emoteko be aprobetxauko dabe Fitur. Kanpaina horretan, bonuak erosi eta zerbitzu turistikoen truke erabili ahal izango dira, martiaren 31ra arte. Erakunde publikoek emondako laguntzinoari esker, konsumitzaileak merkeago izango ditu jateko, lo egiteko eta bisitetako lekuak.

Bilbao Bizkaia erakusmahaiaz aparte, Eusko Jaurlaritzeak be beste bat ipini dau Fiturren, Euskadi izenburupean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako turismoari bultzadea emoteko asmoz. Igazko edizinoaren aldean, erakusmahaia handitu dabe, orain 900 metro koadrokoa da. 

Helmuga seguru, aberats eta askotarikoa agertzea izango da Jaurlaritzearen helburua, Javier Hurtado sailburuak eta Basquetour-eko zuzendari Daniel Solanak azpimarratu dabenez. Jasangarritasuna, barrikuntzea, gastronomia eta naturea izango dira oinarrizko kontzeptuak. 

Madrilgo Fitur Azokea urtarrilaren 19tik 23ra egiten dabiz. Zortzi pabilioi, 7.000 erakusmahai, 6.900 parte-hartzaile eta ehun helmuga turistikoren bidez, hurrengo hileotan turismoaren sektoreak izango dauen bilakaerea ezagutu leiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu