Carmelo Etxenagusia aitamena, Manterola, Uriarte, Ariztondo eta Unzuetari

Bizkaie! 2022-01-19 09:14   Kulturea

Euskal kulturea eta fedea zabaltzen egin daben ahaleginagaitik saritu ditue.

Bilboko Eleizbarrutiko kultur erakundeen mahaiak aukeratu ditu Carmelo Etxenagusia aitamenaren hirugarren edizinoko sarituak. Ander Manterola, Juan Mari Uriarte, Miren Josune Ariztondo eta Angel Mari Unzueta dira. Azken honi hil osteko gorazarrea egingo deutse. Euskal kulturearen eta fedearen alde egindako ahalegina saritzen dau aitamenak, Carmelo Etxenagusia zanaren figurea gogoratzeaz gan.

Labayru Fundazinoaren sortzaile eta arimea da Ander Manterola, erakunde horretako zuzendaria hasikera-hasikeratik. Etnografian eta kulturan aditua, Euskal Bibliotekearen bultzatzailea, euskerea jagoten be ahalegin handia egin izan dau eta euskaltzain ohorezkoa da. Jose Miguel Barandiaranen lekukoa hartu eban Etniker proiektuan. 

Josune Ariztondoren ibilbidea be oparoa da, Labayrun dabil aspalditik eta Artezkaritzako kidea gaur egun. Kulturan, hezkuntzan, politikan eta euskeran nabarmendu da. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu izan zan, ondoren Bilbao 700 Fundazino arduradun eta azkenaldion telebistan be ikusi dogu. 

Juan Mari Uriarteri jagokonez, Donostiako gotzain izan zaneko sasoitik gogoratzen dau jente askok, baina kulturgintzan egin dauen bidea be ez da makala. Labayru sortu ebenen artean egon zan. Gizarte lanaren, pakearen eta bizikidetzearen alde agertu izan da beti. 

Azkenik, Angel Mari Unzuetak hil ostean jasoko dau omenaldia, ezustean hil zalako 2020an. Labayruren Udako Ikastaroetako irakasle, euskalgintzan eragile, kulturearen bultzatzaile... Herri Irratiaren sasoitik uhinen bidez euskerea zabaltzeko ahalegina egin eban Eleizbarrutiaren baliabideak erabiliz. Bilboko gotzaitegiko bikario nagusi izan zan. 

Lau omenduei saria emoteko ekitaldia urtarrilaren 26an izango da, Bilboko BBK Salan, goizeko 11:00etan. 

Carmelo Etxenagusia aitamena 2015ean emon eben lehenengo aldiz. Aldi haretan, Benito Ansola, Felix Garcia Olano eta Gurutzi Arregi saritu zituen. Hurrengoan, 2018an, Jose Angel Ubieta, Begoña Andonegi eta Martzel Andrinua izan ziran omenduak. Aurtengoa hirugarren edizinoa da.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu