Jon Artanok irabazi dau Tene Mujika bekea

Bizkaie! 2022-01-18 13:47   Kulturea

Anderik Ande proiektuak Amerika eta euskaldunen arteko hartu-emonak aztertuko ditu.

Jon Artano kazetari zestoarrak irabazi dau 2022ko Tene Mujika bekea, Ameriketan ibilitako hainbat euskaldunen kontuak eta gure artean dabizan hainbat amerikarrenak kontau nahi dituan proiektu bati esker. Euskal Herriko hurreko historiaz idazteko ez-fikzinoko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak atondutako beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Artanorena emon dau irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osotutako epaimahaiak eta orain urtebeteko epea izango dau kazetariak lana egiteko, gero liburua argitaratzeko.

Parte bi izango ditu lanak: lehena, Joandakoez, Hego Amerikan jazoten da eta hara joandako hainbat euskal herritarren istorioak aletuko deuskuz: Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuelan kokatuak, besteak beste. Bigarren partea, Etorritakoez, gaur egun Latinoameriketatik gurera migrau eta garbiketa eta jagoletza lanetan ibilten diran emakume gazteak izango ditu ardatz. Alkarrizketa, kronika eta bidaia-liburuen osogaiak izango ditu kontakizunak.

Jon Artano Izeta (Zestoa, 1978)

Kazetaritzan lizentziatua da eta hogei urteko ibilbidea egin dau hainbat komunikabidetan: irrati, telebista eta idatzizkoetan. 2016tik 2019ra Latinoameriketako barriemoile berezia izan zan EITBrentzat eta hango esperientzia erabiliko dau, besteak beste, bere liburu hau idazteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu