Aitziber L. Cortajarena CIC biomaGUNEko zuzendari zientifiko barria

Bizkaie! 2022-01-18 11:01   Pil-pilean

15 urteko finkatze-etapa baten ondoren dator izentapena.

Aitziber L. Cortajarena | Ikusi handiago | Argazki originala

Cortajarenaren laborategia Europako bost lankidetza-proiektutan dabil lanean, gizartearen erronken zerbitzura jarriko diran teknologia barriak jorratzen.

Aitziber L. Cortajarena Ikerbasqueko irakasleak hartu dau CIC biomaGUNE biomaterialen alorreko ikerketa kooperatiboko zentroaren Zuzendaritza Zientifikoaren gidaritzea, azken bederatzi urteotan zentroko Zuzendaritza Zientifikoaren buru izan dan Luis Liz Marzán Ikerbasque irakasleari erreleboa hartuta. Cortajarena irakasleak ilusinoz eta bertigo apur bategaz ekin deutso etapa barriari: Azken hamabost urteotan, zentroaren ibilbidea goranzkoa izan da.Hasieran egoan zentro bat zan oraintsu eta honezkero zentro sendotua da, nazioarteko profil nabarmena daben ikertzaileentzat erakargarria eta nazioartean ezaguna, Maria de Maeztu bikaintasun-zigiluak bermatzen dauen bezela. CIC biomaGUNEk oso momentu polita bizi dau erronka barriak martxan jarteko.

Zuzendari zientifiko barriaren erronka nagusietako bat da CIC biomaGUNEn egiten dan oinarrizko ikerketea ikerketa translazionalago baterantz bultzatzea: Oinarrizko mailan egiten dogun goi-mailako ikerketa oso barritzaile hori —gure zutaberik sendoena— enpresara eta industriara eroateko erronkea dogu. Ikerketa translazional hori bultzatzeko programak ditugu; zentroko ideetatik eta teknologietatik abiatuta enpresen sustapena bultzatzeko programak, dino.

Cortajarenak ez dau galdu nahi zentroak azken hamabost urteotan izan dauen norabidea: Goranzko bide horretan jarraituko dogu; nazinoartean izen ona dauen goi-mailako ikerketa-zentro lez sendotzen jarraitu nahi dogu; zentroaren osogarri eta indargarri izango diran ikerketa-arlo barriak edegi eta talentu gaztea erakarten jarraitu, biomaterialen arloko beste eremu batzuetan kokatzeko. Era berean, bardintasuna, dibersidadea eta holako zenbait alderdi hobetzen be jarraituko dogu: gure ikertzaile nagusien genero-balantzea, adibidez.

Kargua itxi dauen zuzendari zientifiko Luis Liz Marzán Ikerbasque irakaslearen eretxiz, Cortajarenak zentroaren ikuspegi oso globala dau. Haren ezagutza profesionalak biomaterialen alorreko ikuspegi oso zabala emoten deutso. Laborategi guztiak ezagutzeaz gan, zentroko ia ikertzaile danakaz ibili da alkarlanean eta horrek aukerea emongo deutso ikusteko zelako hutsuneak dagozan eta ikerketa-talde barriak sartuz zelan osotu leitekezan. Horri guztiari alkarrizketarako izakera edegi baina sendoa gehitzen jako. Uste dot beteten dauen posturako izakera eta ahalmen profesional bikainak dituala.

Europako bost proiektuk bermatzen dabe Cortajarenaren ibilbidea

Cortajarena irakaslea Biokimikan doktorau zan 2002an, Euskal Herriko Unibersidadean. Ondoren, doktorau ondoko bekadun ibili zan Yaleko Unibersidadean (AEB), proteinen diseinu, egitura eta funtzinoaren inguruan. 2006an, zientzialari bisitari ibili zan Weizmann Institutuan (Israel). Ondoren, Yaleko Unibersidadeko lanari heldu eutson barriro. 2010ean, IMDEA Nanociencian (Madril) hasi zan lanean eta bionanoteknologiari buruzko ikerketa-talde independentea osotu eban, 2016an CIC biomaGUNEra aldatu aurretik. Zenbait europar proiekturen buru izateaz gan, Ikerbasquek saria emon eutson 2019an, ikertzaile lanetan egindako ibilbide profesionala eta egindako ekarpen zientifikoak autortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu