'El Lazarillo de Tormesen' rap-berrinterpretazinoa Bilbon
2022-01-14 09:41 KultureaLa Fundición-eko antzerki-urtea edegiko dau.
Bilboko La Fundición aretoak pasa dan abenduan 35 urte bete zituan eta aurten bere 36 urteak urtarrilean hiru ikuskizun eskainiz ospatuko ditu; horreen artean Lazaro azpimarratu daiteke: Urtarrilaren 22an eta 23an (19:00etan) lehenengoz ikusiko da Euskadin El Lazarillo de Tormesen rap-berrinterpretazinoa, Roberto Hoyo gazteak (Valentzia, 1996) pentsau, idatzi, zuzendu eta interpretau ondoren. Raperoa eta aktorea, Valentziako Arte Dramatikoko Goi-mailako Eskolan eta Parisko Conservatoire National Supérieur d’Art Dramatique izenekoan trebatu zan. Hoyok orain hiru urte bere konpainia, Leamök izenekoa, sortu eban proiektu propioak martxan jarteko, ziur baitago Góngorak, Lope de Vegak edo Quevedok rapean jardungo ebela gaur egun hemen balegoz. Lázaro lanean Hoyok lehen personeari eta jatorrizko lanaren pikarokeriari eutsi deutse, baina bere kabuz egokitu dau testua, bai eta estilo epistolarra be, hip hop, antzerki eta breakdanceren nahaste parebakoa sortzeko. Hoyogaz batera agertokian Marco Ferreira musikaria egongo da kontakizunari zuzenean euskarriak, musika eta soinua eransteko. Hip hopeko komedia honek kritika onak izan ditu agertokiko hizkuntzan erabat barritzailea dalako, jarrera klasikoak eta egungoak alderatzen ditualako eta antzerkia -eta Urre Mendeko literaturako klasikoa- gazteenei hurreratzea lortzen dauelako.
Roberto Hoyo (Lázaro - Leamök)
2022ko lehen hitzordua (urtarrilak 15 eta 16, 19:00etan) Deustuko aretoan Fuego verde izango da. Isaak Erdoiza koreografoaren eta Nazario Díaz performerraren soinu-esperimentazinoko ikuskizuna da. Kontzertu ikonoklasta honetan zenbait soinu-natura egongo dira eta euskal artisa biek lortu nahi dabe ikusleek dudan jartea pertzepzino bisualaren (natura bakotxerako sortutako arkitektura txikiak) eta soinu-pertzepzinoaren (eraikuntza horreek botaten dituen soinu anbiguoak) arteko loturea. La Fundición aretoan urtarrileko agendea 29an eta 30ean (19:00etan) zarratuko da Algun sitio al que volver lanagaz. Cambaleo konpainiaren antzezlan barrienetakoa da. Madrilgo konpainia hau aitzindaria da antzerki alternatiboan eta 2022an 40 urte beteko ditu. Euskadin estreinauko da lan barria. Filomena ekatxak Madrilen euren aretoa hausi ondoren sortu eben eta etxe barik gelditzen diralako euren bizitza pare bat kutxatan sartu behar izan dabenen aldarteari buruzko hausnarketea egin nahi dau.
Algún sitio al que volver (Cambaleo Teatro)
2022ko lehenengo antzezlanetarako, egungo indarreko araudiari jarraituz, La Fundición aretoak edukiera murriztua (% 60) izango dau. Hileko ikuskizun guztietarako sarrerak (14 euroko prezio bera) dagoeneko salmentan dagoz, bai leihatilan, bai online Kutxabankeko sarean (7 euroko hasierako eskaintzea egin da saltzen diran lehenengo sarreretarako). Erosteko Bono Bilbao erabili daiteke. Hori Udalak abiarazo dau uria suspertzen laguntzeko eta trukatu ezkero, prezio horreen gainean % 50eko beherapena egingo da. Gainera, erakusketa-aretoaz gan artistentzako baliabide-zentro izatearen ideari leial, La Fundición aretoak hilebete honetan sormen-egoitzea emon deutso Bilboko Mama Crea konpainiari. Holan, hiru aste izango ditu Maskotak familia-antzezlanaren proiektua amaitzeko. Pako Revueltasek zuzentzen dau eta aurrestreinaldia aretoan bertan egingo da zezeilean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!