‘Komikiak aztertzeko gida bat’ plazaratu dabe
2022-01-13 13:55 KultureaLAIDA ikerketa taldeak koordinatu dau lana.
Komikiak aztertzeko gida bat komiki formea dauen liburua da eta komikien azterketeagaz lotutako hasierak eta alderdi nagusiak jasoten ditu. Lana gaur goizean aurkeztu dabe Bilboko Bizkaia Aretoan eta, besteak beste, komikien hizkuntzea, produkzinoa, banaketa-metodoak, ikerketa-eremuak eta munduan zehar jorratutako tradizinoak eta generoak aztertzen ditu.
Formatu hori ez da barria, Josean Morlesínek, proiektu honen koordinatzaileak, adierazo dauen legez; haren eretxiz, azken urteotan ikerketa-lan ugari egin dira komiki moduan eta ez datoz espazio artistikotik, komikia, orain, ikerketa-eremua da, baina baita komunikazino-eremua be.
LAIDA Literatura eta Identidadea ikerketa-taldearen koordinazinopean, Euskal Herriko Unibersidadeko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu dau euskeraz. Jatorriz ingelesez argitaratu eban Oxfordeko Unibersidadeko TORCH Ikerketa Zentroan (The Oxford Research Centre in the Humanities) dagoan Oxford Comics Network ikerketa-sareak.
Gida honen egileak Enrique del Rey Cabero (Alcalako Unibersidadeko Juan de la Cierva doktoretza ondoko ikertzailea eta GILCO Literatura Garaikideko Ikerketa Taldeko kidea), Michael Goodrum (Canterbury Christ Church Unibersidadeko Historia Modernoko irakaslea) eta Josean Morlesín Mellado (Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Eder Fakultadeko irakaslea eta LAIDA Literatura eta Identidadea ikerketa taldearen kidea) dira. Enrique eta Michael gidoiaz arduratu dira eta Joseanek marrazkiak egin ditu.
Irakasleak gidearen funtzinoa nabarmendu dau: Gideak oinarrizko hainbat alderdi teoriko erakusten ditu, gehienentzat ezezagunak eta ikasgelan jorratzen ditugu praktikearen bidez. Komikiaren diziplineari esker, kasu honetan teoria bera dan idea bat modu grafikoan komunikau daiteke.
Liburua esparru akademikoko publikoari zuzenduta dago, komikien ikerketan hasteko interesa daben ikasleei zein irakasleei, baina interesgarria izan daiteke, oro har, esparru horri buruz gehiago jakin nahi dabenentzako. Euskerazko edizinoak Alvaro Rabellik (idazle, ikertzaile eta komiki gidoilaria) eta José Carlos Torrek (komikigile, ikertzaile eta Euskal Herriko Unibersidadeko irakaslea) idatzitako hitzaurrea dau. Gidearen amaieran, Nick Sousanis San Francisco State Universityko irakasleari egindako alkarrizketa dago. Doktore-tesia komiki formatuan egin eta 2015ean argitaratu eban Harvardeko Unibersidadeak, Unflattening izenburupean.
Argitalpen digitala doban eskura daiteke UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren webgunetik. Papelezko edizioa, ostera, liburu-dendetan erosi daiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!