Ana González-Pintok irabazi dau Obieta 2021 saria

Bizkaie! 2022-01-13 09:51   Pil-pilean

Psikiatra bilbotarra saritu dabe ibilbide profesionalagaitik.

Ana González-Pinto EHUko Psikiatriako katedraduna. Erretratua: Nuria González (UPV/EHU). | Ikusi handiago | Argazki originala

Espainiako Medikuntzako Errege Akademiak (RANME) Ibilbide profesionalaren Obieta 2021 Saria emon deutso Ana González-Pinto Arrillaga doktoreari. Sari hau RANMEk, bere Fundazinoaren bidez, urtero emoten dauenetako bat da eta helburu dau Espainiako medikuntzako profesionalei lana, ahalegina eta ibilbidea autortzea. Danetara, 23 sari dira eta 8 kategoriatan banatzen dira: RANME, Ibilbide Profesionala, Medikuntza Orokorreko Medikua, Irakaskuntzako Ibilbidea, Komunikazinoa, Ikerketea, Medikuntzako Lizentziatua eta Doktoregoa. González-Pinto doktoreak Madrilen jaso dau saria, 2022ko urtarrilaren 11n egindako ekitaldian.

UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultadeko Arabako Irakaskuntza Unidadeko dekanordea, Ana González-Pintok joan dan martiaren 23an lortu eban Unibersidade honetan Psikiatriako katedrea. Osasun Mentaleko profesional entzutetsu hori Osakidetzaren Arabako ESIko Psikiatriako zerbitzuburu izentau barri dabe; orain arte jarduneko zerbitzuburua zan. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Zientziako aholkularia izan da eta, gaur egun, erakunde horretako Osasun Mentaleko Aholku Batzordeko idazkaria da; era berean, erkidego honetan jarrera suizida prebeniduteko estrategia egin eban lantaldekoa izan zan. Gaur egun, Espainiako Psikiatria eta Osasun Mentaleko Fundazinoko presidentea da eta Espainiako Psikiatria Biologikoko Alkarteko presidentea izan zan.

Ana González-Pinto doktoreak ikerketa ibilbide luzea dau. CIBERSAMeko G 10 taldeko ikertzaile nagusia da –dozenaka ikertzaile gazte ibili dira bertan–. Gainera, ikerketa bikaintasuneko sare horretako nahasmendu bipolarreko arloa koordinau dau eta nahasmendu bipolarraren, lehen jazoera psikotikoen eta kalamuaren arloan egindako ikerketakaitik nabarmendu da. Gaur egun, gaixotasun mentalaren prebentzinoan dabil eta prestakuntzea ematen dau eskoletan, Kronikgunetik zuzentzen daben Uprigh proiektuan. Gainera, 600 artikulu eta liburu asko idatzi ditu.

Madrilgo Ramón y Cajal ospitalean ekin eutson ibilbide profesionalari: han egin eban Psikiatriako BAMEa, Jerónimo Saiz irakaslearen tutoretzapean. Gero, Durangoko Osasun Mentaleko zentroaren arduraduna izan zan, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean. Geroago, Gasteizera joan eta, bertan, Arabako Unibersidade Ospitaleko psikiatrea izan zan eta lau seiurteko emon ditu ikerketan.

Bilboko medikuen familia batekoa da, izan be, aitita Psikiatriako lehen irakasle eta Bilboko Medikuntza Fakultadeko –1936an sortu zan oraingo zentroaren aurrekaria izan zana– fundatzaileetako bat da, hau da, Rodrigo González-Pinto.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu