V. Zinema eta Zientzia zikloak 50 proiekzino inguru emongo ditu

Bizkaie! 2022-01-12 12:48   Zinemea

Zientziaren kultureari ekarpena egitea da asmoa.

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak Zinema eta Zientzia zikloaren bosgarren edizinoa aurkeztu dabe gaur Donostian. Datozen hiru hileotan, 50 proiekzino inguru ikusteko aukerea egongo da. Nazinoarteko zientzialari ospetsuek egingo ditue aurkezpenak, kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmitiduteko helburuari eutsiz. Saioak Tabakaleran (Donostia), Bilboko Arte Eder Museoan eta Donibane Lohizuneko Le Sélect zineman izango dira. Gainera, aurten lehen aldiz, Gasteizko Artium museoa (2021eko urritik Filmategiaren programazino egonkorraren egoitzea da) eta Iruñeako Golem-Baiona zinemak batuko dira ziklora, areto pribatu horreekaz egindako akordioari esker, baita Iruñeako Planetarioaren lankidetzeari esker be.

Prentsaurrekoan Joxean Fernández (Euskadiko Filmategia), Ricardo Díez Muiño (DIPC), José Luis Rebordinos (Zinemaldia), Edurne Ormazabal (Tabakalera), Silvia García Lusa (Arte Ederren Museoa), Beatriz Herráez (Artium), Xabier Garat (Le Sélect) eta Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua) izan dira.

Ekitaldia Tabakaleran egin da eta bertan, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ondokoa nabarmendu dau: Kultur arloko erakundeak be lanean dabiz zientziaren arloan, gizarte-estimua handitzeko eta, gaineratu dauenez, bizi dugun pandemia-egoeran, 'herritarrek beste eremu batzuetako erreferentziak behar ditue, ezagutzea eta segurtasuna emongo deuskuenak, erabagiak hartzeko eta gure erantzukizunei aurre egiteko.

Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak ondokoa azpimarratu dau: Orain arte zientzia oinarrizkoa izan da eta, gaur egun be bada gure gizarteak aurrera egin daian. Zientziari esker gure biziteak hobeak eta luzeagoak dira, nahiz eta berehalako ziurtasun absoluturik ez emon beti, gehitu dau.

Esangura horretan, zientziaren kultureari ekarpena egitea da asmoa, sariek zientzian daben esangurea jorratzen dau El premio (Mark Robson, 1963) filmak, Zinema eta Zientziari urtarrilaren 13an, Artiumen, hasierea emongo deutson filmak. Pedro Miguel Etxenike fisikaria eta DIPCko presidentea izango da ekitaldiaren aurkezlea. Ondorengo egunetan, zientzialari nafarrak zinemearen klasiko hau zikloaren gainerako egoitzetan aurkeztuko dau: urtarrilaren 14an Donostian, 15ean Bilbon eta 18an Iruñean.

Moby Dick (John Huston, 1956) eta Gorilas en la niebla (Michael Apted, 1988) klasikoek animalien mundua hurragotik ezagutzea proponiduten dabe. Era berean, honako gai honeen inguruan eztabaidatu ahal izango da: historiaurrea En busca del fuego filmari esker (J. J. Annaud, 1981) eta minbizia Hope pelikulari esker (Maria Sødahl, 2019). Ikarie XB 1 (Jindrich Polák, 1963) eta Contact (Robert Zemeckis, 1997) lanek espazio-ikerketea jorratzen dabe; Origen (Christopher Nolan, 2010) eta Deabruaren hazia (Donald Cammell, 1977) filmek, barriz, neurozientziara eta adimen artifizialera hurreratuko gaitue. Azkenik, Traje zuriko gizona (Alexander Mackendrick, 1951) klasikoa be proiektauko dabe, fisika eta materialen kimika arloak lantzen dituana.

Aurkezpen eta barriketaldietan zientzialari entzutetsuak izango dira protagonista: Arantza Acha, Juan Ignacio Pérez, Joana Vitorica eta Ana Zubiaga biologoak; Javier Aizpurua, Raúl Angulo, Naiara Barrado-Izagirre, Silvia Bonoli, Aitzol García, Aran García-Lekue, Marcos Pellejero eta Santiago Pérez-Hoyos fisikariak; Fernando Cossio, Xabier López eta Jon Mattin Matxain kimikariak; Olatz Arbelaitz eta Elena Lazkano informatikari eta adimen artifizialean adituak; María A. Blasco biólogo molekularrak; María José Iriarte arkeologoa; Karmele Llano albaitaria; Sara Manzano biokimikaria; María Martión-Torres mediku eta paleoantropologoa eta Valentina Rodríguez kazetari zientifikoa.

Proiekzino bereziak

Gasteizera, Donostiara eta Bilbora hurreratzen diranek 2021eko Kimuak katalogoko film-laburren proiekzinoez gozetako aukerea be izango dabe. Gainera, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Donostia) Picture a Scientist (Ian Cheney eta Sharon Shattuck, 2020) filma eskainiko dabe Emakumeak Zientzian proiektuaren barruan (Gipuzkoako ingurune zientifikoko 17 erakundek osotzen daben aliantzea).

Era berean, Apolo 11 (Todd Douglas Miller, 2019) filma ikusteko aukerea be izango dabe ikasleek goizeko proiekzinoetan Tabakaleran, Artium eta Arte Eder Museoan.

Sarrerak Tabakalerako, Artium eta Arte Eder museoetako eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinema-aretoetako webguneetan eta leihatiletan erosi ahal izango dira. Txartel bakotxaren prezioa 3,50 eta 4 euro artekoa izango da.

Egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu