Gatikako jai eta ospakizun guztiak dakarz argitalpen batek
2022-01-12 08:42 KultureaLehengo eta oraingo ohiturak batu ditue, baita herritarren lekukotasunak be.
Gatikako udalerrian urtean zehar egiten diran jai eta ospakizunen inguruko datu jakingarriak eta azalpenak batu ditu Labayru Fundazinoak argitalpen baten, Udalaren ekimenez. Gatika jairik jai, danok alai izeneko lan barrian, gaur egungo ospakizunak hartu ditue kontuan, baina dagoeneko desagertuta dagozan beste batzuk ahaztu barik.
Argitalpena zati bitan banatu dabe, herriko jai nagusiak batetik eta urteko ganerako ospakizunak bestetik. Herritarren lekukotasunei esker, jaiak ospatzeko modua zelan aldatu dan jakin ahal izango dogu, gatikarren egutegia beteten daben hitzorduen datuak ezagutzeaz gan.
Herriko jai nagusien artean, sanmarkoak, madelanak eta sanbartolomeak dira aitagarrienak. Horrezaz ganera, Butroeko Erdi Aroko Azokeak atal berezia dauka, eta urriko andramariek be bai, orain galduta badagoz be.
Herri-egutegiari lotutako jaietan, sasoi bakotxean urtero egiten diranak sartzen dira. Neguan Gabonak datoz lehenengo, egunotako ohitura piloagaz, bai etxe barruan bai kanpoan: Olentzero, Erregeak... San Anton be ospatu izan da Gatikan, baserritarren eguna. Kandelario, San Blas eta Santa Ageda alkarren segidan datoz, karnabalei bidea egiteko. Udabarrian eleizako jaiak datoz batez be, Aste Santua, Asentsio, Gorpuzti, Maiatzeko lorak, San Isidro eta San Antonio. Udea sanjuanakaz hasten da, eta hortik gora datoz herriko jai guztiak, inguruko herrietakoez gan. Udagoienean, Domusantu, San Martin eta Santa Luzia ospatzen dira.
Barriemoileen edadearen arabera, gomutak ezbardinak dira. Diktaduran dana galazota egoalako, eta eskuarte handirik be ez egoalako, jaiak estimaduak ziran baina eskasagoak. Demokrazia etorteagaz batera, beste era bateko dinamismoa sortu zan herrian, kulturea zabaltzeko gogoa eta euskalzaletasuna bor-bor egozan.
Liburuan atal apartekoa dauka Intxurtxu taldeak, jaiotan eragile handienetakoa izan dalako. Jantza-taldea izan zan hasikeran, baina gero mendi-talde, koru eta beste jarduera askotara be zabaldu zan. Intxurtxuk eta beste herritar eta talde askok egindako lanari esker, herriari nortasuna emon izan deutsie euren jaien bitartez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!