Antzerkia eta jantzea uriko auzoetara hurreratuko ditue

Bizkaie! 2022-01-10 10:01   Kulturea

Bilboko Udalaren Zirkuitua urtarrilaren 13an hasiko da.

Bilboko Zirkuitua ekimen barritzailea da, bakarra Euskadin: aukerea emoten deutse sortzaile barriei eta antzerki eta jantza-taldeei euren lanak eszenaratu eta jentaurrean antzezteko. Udalaren ekimen bat da, Bilboko eta inguruko antzerki eta jantza-taldeen jarduerea bultzatzen dauena (talderik gehienak amateur edo erdi-profesionalak dira). XXI. denporaldia urtarrilaren 13an helduko da Bilboko auzoetara eta maiatzaren 12ra arte, Altamira, Basurtu, Begoña, Errekalde, Otxarkoaga, San Frantzisko eta Zorrotzako udaltegietan eta Solokoetxeko institutuan 10 konpainiaren proposamenak ikusiko ditugu: Álex Quiroga; Goi Dance Project; 29 Producciones; Cuatro Cajas: Luciérnagas Voladoras; Hamaika Teatro; Alopargo; Jyt Kreaktibos – T.A.B.Ú; Las Paralelas; eta Ibilka Teatro. Hasierera urtarrilaren 13an izango da, Errekaldeko Udaltegian, Alex Quirogaren El Actor lanagaz. Danak doban.

Denporaldi barri honetan, Bilbao Eszenan (Bilboko Udalaren arte eszenikoetako eta jantzako prestakuntzako eta sormeneko espazioan) ensaioak egiten dituen konpainiak nabarmendu behar ditugu, izan be, 2021eko lana erakutsiko dabelako Zirkuituan.

Goi Dance Project konpainiak Koreako pop kulturako zenbait kanturen bildumea aurkeztuko ditu, Goi jantza-taldeko jantzariakaz. Goi Dance Project jantza-talde bat da, Koreako pop-a lantzen dauena eta Kpop izenaz ezagunagoa dana; egiten dituen bersinoen jantzari nahiz interpretazinoari emoten deutse garrantzia.

29 Producciones eta Ibilka Teatro taldeek be euren proiektuak erakutsiko ditue: 29 Producciones taldeak Peter Pan: Hasta Siempre Jamás antzezlana ekarriko dau Bilboko Zirkuitura. 29 producciones antzerki eta zinema-konpainia bat da, Ainize Basalok eta Aitor Martínek sortua eta gai sozialak jorratzen ditue.

Bestalde, Ibilka Teatrok Hoy no salgo antzeztuko dau, taldearen lehenengo obrea; bertan, antzerkiko aktore gazte batek bildur eszenikoko krisi latza bizi dau, noiz eta agertokira urten behar dauenean.

Bilboko Zirkuituaren denporaldi honetan dagoz, Las Paralelas. Programearen aurreko edizinoan Miss Spain lana ekarri euskuen. Orain, barriz, euskerazko bersinoa, Miren Argiren bakarrizketa baten inguruan, Miss World galarako zein preparauta dagoan azaltzeko egingo dauena.

Azkenik, JYT Kreaktibos - T.A.B.Ú. konpainiak eta A morir por la silla de ruedas - ¿A que no S.O.S capaz? saioa nabarmenduko dogu. T.A.B.Ú. antzerki inklusiboko taldea 2016an jaio zan FEKOOR-en (Ezintasun Fisikoa eta/edo Organikoa daben Personen Bizkaiko Federazinoa). Adriana Pérez, Rubén Mateos eta Yeray Gómez dira partaideak (azken hori laguntzaile personala da federazinoan eta gainera aktore profesionala da).

Babesa sormenari

Bilboko Zirkuituak helburu bi ditu: bertoko eszenea bultzatzea eta antzerkia uriko auzoetara hurreratzea. Gainera, programa honen bidez, antzerki eta jantza-talde barriei aukerea emoten jake euren lana taularatzeko eta jentaurrean erakusteko. Modu berean, berton sortzen diran proposamen barritzaileenak ikusteko aukerea emoten dau.

Beste alde batetik, udal programa honek uriko kultur eskaintzea deszentralizau gura dau, izan be, denporearen porasuz, ia auzo guztietara zabaldu da. Orain hamarkada bat baino gehiago martxan jarri ebenetik, eskaintzea handituz joan da, saio gehiago eskainiz eta agertoki gehiagotara helduz.

Bilboko Zirkuitua ekimen aitzindaria eta bakarra da Euskadin bere arloan. Gainera, asko dira urte horreetan guztietan eremu profesionalera salto egin daben konpainiak.

Oharra

Abenduaren 28ko 51/2021 Dekretua indarrean sartu zanetik, Bilboko Udalak barruko espazioetan atontzen dituan jarduera guztietan edukieera % 60 mugatuko da.

Gainera, beharrezkoa izango da: Covid ziurtagiri digitala (QR) eta NAN aurkeztea barruko espazioetako ikuskizunetan sartzeko, maskarea erabiltea, saio guztietan, pandemiaren hasieratik egin danez, Bilboko Udalak bere jarduketa-protokoloak egokitu ditu programautako jardueretan, osasun-agintariek momentu bakotxean hartzen dituen erabagien arabera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu