Bost erakusketa Bilboko auzoetan, Expodistritori esker

Bizkaie! 2022-01-10 08:37   Kulturea

Martiaren amaierara arte, pintureaz, argazkigintzeaz eta beste teknika batzuez gozau ahal izango da.

Artea Bilboko auzo guztietara eroateko Udalak antolatzen dauen Expodistrito erakusketa ibiltarien zikloaren 2022ko lehenengo hiruhilekoko programea urtarrilaren 11n hasiko da, martitzenean. Bost erakusketa dakarz edizino honek, eta txandaka ikusi ahal izango dira honeetan auzo-etxeetan: Abando, Begoña, La Bolsa-Alde Zaharra, Castaños, Otxarkoaga, Errekalde, San Inazio-Ibarrekolanda eta San Frantzisko.

Pinturea da Expodistritoko erakusketen ardatza, baina argazkigintzea eta beste teknika batzuk be sartu ditue egitarauan. Javier Lesaka, Ana Isabel Portillo, Marta García Suso eta José Paredes Matíasen banakako bildumak ikusi ahal izango dira, baita Beart kolektiboaren taldekako bat be.

Erakusketa bakotxa aste bi inguruan egongo da udaltegi baten, hurrengora pasau baino lehen. Lehenengo txandan, urtarrilaren 11tik 28ra, Abandon erakutsiko dabe Beart alkartearena, San Inazio-Ibarrekolandan Maria Isabel Portilloren Nire bizia kolorea zanean, Castañosen Marta Garcia Susoren Berraurkikuntzak, Begoñan José Paredes Matíasen Lorratzak eta Errekalden Javier Lesakarena.

Argibide gehiago hemen.

Helburu nagusi bi ditu Expodistritok: bata, artea uri osora eroatea, deszentralizazinoaren bidez; bestea, artista hasibarriei euren obrak erakusteko espazioak emotea. Ganera, ibilbide luzea daben sortzaileei be lekua egiten deutse, euren lana erakusteko gune bat gehiago izan deien.

Gogoan izan behar da, aterpeko jarduerak diranez, aretoen edukierea % 60ra mugatuta dagoala orain. Ganera, Covid ziurtagiria erakutsi behar da sartzeko eta barruan maskarea jantzita eroan momentu guztietan.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu