BBK Artegunea, kultur proiektu barritzaileak bultzatzeko deialdia

Bizkaie! 2022-01-05 11:53   Kulturea

Sormen sektorea bultzatzeko zein musikari barriei lekua egiteko egitasmoak dakarz.

BBK Salea, Bilbon (argazkia: BBK) | Ikusi handiago | Argazki originala

BBK Fundazinoak bertoko kulturea eta sorkuntzea bultzatzeko ekimen barria ipini dau martxan, BBK Artegunea izeneko laguntzino-deialdi bikotx baten bidez. Bilboko BBK Salea ardatz, kulturgileei proposamen barritzaileak aurkezteko eta herritarrei erakusteko espazioa emongo deutse.

Herritarren eta sortzaileen artean hartu-emonak errazteko eta alkarrizketea bideratzeko espazioak sortzea proponiduten dau BBK Arteguneak, eta egiten diran ekintzen alderdi aktibo bihurtzen dira personak, azaldu dabe BBK-koek.

Lehenengo deialdiari Kultura eta sormen sektorea garatzen laguntzeko programa izena emon deutse. Artearen zein sorkuntzearen edozein arlotan dabizan eta Bizkaian behar egiten daben profesional eta kolektiboentzako egitasmoa da, euren proiektuak herritarrei hurreratzeko, ikuspegi malgu eta barritzaile batetik.

Aukeratutako artista edo kolektibo bakotxari 1.800 euro emongo deutsez, eta eragile bat baino gehiago alkarlanean badira, beste 700 euro. Proposamenak BBK Salaren hall-ean atonduko dan disziplina arteko edukien programa baten erakutsiko dira, 2022an eta 2023an.

Hautatutako proiektuak askotarikoak izango dira, arlo artistikoari zein formatuari jagokonez. Izakera barritzaile handiko sorkuntza, erakusketa eta esperimentazino-proiektuak bilatzen dira. Horreen guztien ezaugarri komuna erakusketea ikustera joaten diran personakaz interakzinoa sortzeko balioa izango da, dino BBK-k. Oinarriak eta argibideak hemen.

Bizkaiko musika taldeen erakusleiho izatea da bigarren deialdiaren helburua. BBK Salan formatu txikiko agertokia eskainiz, herritarrei euren musikea erakusteko aukerea izango dabe aukeratuek. Herritarren eta musikearen arteko zubilana da deialdiaren ardatz nagusia, baina Bizkaiko musikariei laguntzea be bada asmoa, kontuan izanik sarritan gatxa izaten dala laguntzino ekonomikoa edo azpiegitura egokiak lortzea.

Generoen eta formatuen orekea bilatuta, BBK Saleak programazino txiki bat antolatuko dau 2022an eta 2023an, aukeratutako taldeakaz. Deialdian parte hartzeko, bandako kide bat gitxienez Bizkaian erroldatuta egon behar da. Oinarriak eta informazinoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu