Artium Museoak bisitariak berreskuratu ditu pandemiaren bigarren urtean
2022-01-05 07:45 Kulturea50.000 bisitari baino gehiago izan ditu 2021. urtean.
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, 50.022 bisitari hartu ditu 2021. urtean, hau da, ia-ia bikoiztu egin ditu pandemiaren lehen urteko kopuruak eta 2019an (COVID 19aren aurreko urtea) izandako bolumenaren % 55era heldu da. Ziurbakotasuna eta murrizketak nagusi izan badira be ekitaldi honetan, berreskuratzeko jokerea etenuik bakoa izan da, nahiz eta zuhurtzia eta iraunkortasuna gogoan hartzekoak izan; bestalde, segurtasun-neurriak errespetau eta bultzatu dira eta, horreen ondorioz, mugatu egin da edukierea eta atzeratu egin behar izan dira hainbat jarduera eta ekimen. Era berean, muga horreen ondorioak gehienbat museoaren hezkuntza-programen parte-hartzaile kopuruan nabarmendu dira, taldeko kide kopurua murrizteaz gana, ikastetxeek zailtasun handiak izan baititue ikasleak ikastetxetik museora eroateko.
Egoera orokor horretan, estadistikek erakusten dabe Euskadiko Autonomia Erkidegokoak dirala bisitari gehienak barriro be, hau da, % 60 (2020ko ehunekoaren antzekoa); arlo horren barruan, aitagarria da erabiltzaileen % 43 Arabakoak izan dirala. Beste autonomia erkidegoetako eta atzerriko bisitariei jagokenez, % 28 (2020ko kopuru bera) eta % 12 (puntu bat gehiago) izan dira portzentajeak, hurranez hurran. Euskadi kanpotik etorritako bisitarien jatorriari jagokenez, Katalunia eta Madrilgo herritarrak izan dira nagusi lehenengo sailean eta Frantzia, Britainia Handia eta Alemaniakoak bigarrenean.
Edadearen eta generoaren araberako banaketeari erreparauta, Museoko bisitari gehienak emakumeak (% 55 emakumezkoak eta % 45 gizonezkoak) eta 44 urtetik beherakoak (% 54 edade-tarte horretakoak eta % 46 edade horretatik gorakoak) izan dira.
Azken buruan, bisitari gune nagusia 25 eta 65 urte bitarteko helduen segmentuan dago (% 64).
2022ko lehen seihilekorako programea
Artium Museoaren edegi zaneko 20. urteurrena
Praktika artistikoa eta pedagogia esperimentala buztartzen dituan proiektuen berrirakurketa historikoek jarraitu egingo dabe 2022ko erakusketa-lerroetan, kultura-programan eta tesi-proiektuetan.
Programeak testuinguru eta hizkuntza batzuen eta besteen arteko alkarrizketak eskainiko ditu, Erlea Maneros Zabala, Anna Daucikova eta Nestor Sanmiguel Diest artistei eskainitako erakusketetan oinarrituta.
Jorge Oteiza Fundazino Museoagazko eta Reina Sofia Arte Zentroko Museo Nazionalagazko lankidetzea sendotuko da.
Erlea Maneros Zabala, Anna Daucikova eta Néstor Sanmiguel Diest artistei eskainitako erakusketetan oinarrituta, alkarrizketak proponiduko ditu programeak nazinoarteko testuinguruari eta hizkuntzen aniztasunari erreparauta.
Museoak programa parekide bat garatzeko zeharkako konpromisoari eutsiko deutso.
2022ko lehen seihilekoko programea Pentsatzeko leku bat. Arte-eskolea eta praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979 erakusketeagaz inaugurauko da. Erakusketa horrek hainbat hezkuntza-proiektu berreskuratu ditu, aitatutako aldian prestakuntza eta hazkunde kultural eta intelektualerako topaguneak sortzeko helburuari eutsiz. Askotariko proposamen multzoa da eta danen izendatzailea ez da hezkuntza arautuari edo ofizialari jarraitzea, aktibautako pentsetako gune bakotxa aukera-espazio bihurtzen dala adierazotea baino. Hezkuntza-proiektu esperimentalen eta praktika artistikoaren arteko hartu-emonak dira erakundearen lan-arlo nagusietako bat. Erakusketea Artium Museoaren eta Jorge Oteiza Fundazinoaren arteko lankidetzearen emoitzea da.
Apirilean, bakarkako erakusketa bi inaugutauko dira, bata Erlea Maneros Zabalari (Bilbo, 1977) eskainia, artisteak azken urteetan jorratutako hainbat lan batuko dituana eta bestea Anna Daučíková (Bratislava, 1950) artisteari eskainia, oraintsuko produkzinoa, lan historikoak hartu-emonetan jarriko dituana. Estaduan artista eslovakiarrari eskainitako lehen bakarkako erakusketea da hau.
Bagilean, museoak Nestor Sanmiguel Diest-en (Zaragoza, 1949) La peripecia del autómata erakusketea aurkeztuko dau, artisteak 1980ko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte egin dauen ibilbidea. Proiektua egoitza bitan egongo da aldi berean: Madrilgo Velázquez Jauregi-Reina Sofía Museoan eta Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, Vitoria-Gasteizen. Proiektua erakunde bien arteko lankidetzeari esker sortu da.
Zinemeak, mobimendudun irudiak eta harek arte garaikidearen hizkuntzakaz dauen lotureak jarraitu egingo dabe 2022ko lehen seihilekoko programan. Z aretoan, hizkuntza zinematografikoen eta ikusizko arteen arteko gurutzaketei eskainitako zikloan, arlo horreetan garrantzitsuak diran artista eta zinemagileak izango dira: Aura Satz (1974), Ainara Elgoibar (1975), Ephraim Asili (1979) eta Edurne Rubio (1974).
Ondarea ikertu eta zabaltzeari jagokonez, museoak bere funts museografikoak berrantolatzen jarraituko dau, bai eta bere bilduman sartutako artelan eta artista barrien erakusketa-zikloagaz be. Testuinguruak, bilduma batetik abiatuta zezeilean hasiko da, Ion Munduateren (Irun, 1969) proiektu bategaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!