Xian Martinez koreografoak sorkuntza-egonaldia egingo dau Quebecen

Bizkaie! 2022-01-05 08:36   Kulturea

Saison Quebec-Pays Basque 2021-22 egitasmoaren parte da.

Quebeceko eta Euskal Herriko kulturgileen arteko lankidetzan sakonduko dau Xian Martinez koreografoak hurrengo hile biotan. Izan be, Etxepare Euskal Institutuak azaldu dauenez, sorkuntza-egonaldia egingo dau Quebecen, Montreal uriko Jantza Garaikideko Eskolan, EDCM dalakoan, urtarrilaren 11tik martiaren 11ra. Jantza ikasketak amaitzen dabizan 23 artistagaz egongo da han, pieza koreografiko bat sortzeko asmoz.

Yellow Lemon izeneko proiektua dau eskuartean Martinezek. Egonaldia lehenago egitekoa zan, baina, pandemiaren erruz, atzeratzen joan da. Dana ondo badoa, pieza barria maiatzean aurkeztuko dau Montrealen.

Hondartzetan jazoten da Yellow Lemon, lehen eta hirugarren munduko hondartzetan, aurreratu dau koreografo gipuzkoarrak. Kolorearen bidez joango naz lotzen bataren eta bestearen artean dagozan aldeak, bateko toalla eta pelotek bat egingo dabe besteko salbamendu txaleko eta ontzi horiakaz.

Norabide biko Saison Quebec-Pays Basque 2021-22 egitasmoaren parte da egonaldia. Quebeceko zein Euskal Herriko erakunde ugariren lankidetzeari esker egiten dabiz, besteak beste Etxeparerena eta Quebeceko Conseil des Arts et des Lettres-ena.

Programearen helburua da euskal sorkuntza garaikideari leihoa zabaltzea Quebecen eta, era berean, hango sortzaileen lana hemen erakustea, hizkuntzearen, kulturearen eta artearen bidez herrialde bien arteko hartu-emonak sendotzeko.

Kultura garaikidea eta hizkuntzea ardatz, disziplina ugaritako proposamenak batzen ditu egitasmoak. Oraingo honetan, Xian Martinezek jantzea eroango dau Quebecera. Trukean, Bettina Szabo quebectarra etorriko da handik hona: urtarrilaren 17tik 30era Tabakaleran izango da eta, urtarrilaren 31tik zezeilaren 25era, Gipuzkoako Dantzagunean. Egonaldiaren emoitzea Errenteriako Niessen aretoan aurkeztuko dau, martian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu