Euskerazko Wikipedia aberastea helburu, martxan da edizino lehiaketea
2022-01-04 10:41 KultureaUrtarrilean, historiagaz lotutako artikuluak hobetzea da erronkea.
Euskerazko Wikipediako edukiak sortu, zabaldu eta aberasteko bideetako bat dira lehiaketak, erabiltzaileek sariak irabazi leikiezalako artikuluak idatzi edo hobetzearen truke. 2021eko etenaren ostean, 2022an edizino lehiaketa handia antolatu dabe, urtarriletik abendura bitartekoa.
Hizkuntza guztietako wikipediek izan beharreko ezinbesteko 10.000 artikuluen zerrendea egina dauka Wikimedia Fundazinoak, eta eskakizun horretan aurrera egiteko aprobetxauko dabe aurtengo lehiaketea euskerazko bersinokoek. Gaur egun, munduko 33. hizkuntzea da euskerea oinarrizko artikuluon atalean, eta sailkapenean gora egitea da asmoa.
Lehiaketea hileka banatu dabe, hau da, urteko hile bakotxean gai nagusi bat eta horri jagokozan artikuluak lantzea izango da sariketan puntuak batzeko modua. Urtarrilean, Historia da gaia. Euskerazko Wikipediak berak plazaratu dau gai horregaz lotutako gaien zerrendea: oinarri-oinarrizkoak 63 dira, baina ehundazak dagoz aukeran, 800 danetara.
Hurrengo hileetan, beste gai batzuetara egingo dabe salto. Zezeilean Artea, martian Geografia, apirilean Filosofia eta Erlijinoa... Abendura arte egongo da martxan. Hilero sariak emongo deutsez edizino lanik onena egin daben erabiltzaileei, kultur produktuetan erabilteko erosketa-bonoak gehienbat.
Parte hartzeko, Euskerazko Wikipedian izena emon behar da (nahi dauena izan leiteke editore, jakintzea konpartiduteko gogoa izan ezkero). Lehiaketako puntuak egindako ekarpenen araberakoak izango dira. Adibidez, orain arte egon ez dan artikulu barri bat sortzeagaitik, puntu asko emoten ditue (ezinbesteko 10.000 artikuluen zerrendakoa izan behar da). Ganera, artikuluak hobetu leitekez, eta puntuak batu gehitutako berba bakotxeko, egindako zuzenketakaitik, irudiak igoteagaitik edo erreferentziak sartzeagaitik.
Urtarrileko lehiaketea martxan da, eta lehenengo lau egunak bete barik, dozena bat artikulu barri sortu dira, 117 irudi txertatu eta 15.000 berba gehitu.
Argibide guztiak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!