'Euskal Danbolinaren Aroak'
2022-01-04 07:45 MusikeaJose Inazio Ansorena & Joserra Senperena, urtarrilaren 8an, Soraluzen.
Saio pedagogiko, aldarrikapen historiko eta aldiberean soinu esperimentazino garaikidea, Joserra Senperena eta Piter Ansorenaren Euskal Danbolinaren Aroak Beasaingo Igartza Jauregian 2021ko apirilaren 8an Joserra eta Piterrek eginiko kontzertua jasoten dau. 2006. urtean, Chillida-Lekutik argitaratu ondoren eta hari berari tiraka eginez hilebetetako lan sakon eta artatsua biribilduz, haren emoitza ederra jagokon patxadan, zehetasun finenakaz, gozetako aukera parebakoa eskaintzen deusku.
Tanbolina, esku bakarrez jotako txilibitua eta beste eskuaz astindutako tanbortxoa, hain zuzen, XII. mendean Europan, hor nonbait asmau eta berehala inguruko herrialdeetara zabaldutako tresnea da. Ehundaka urteotan ospe handienaren gozamena eta, era berean, ahanzmendu eta gitxi erexte artistiko gogorrena izan ditu. Ibilbide historiko pizgarri baten bitartez Piter eta Joserrak doinuen muinera heldu dira, esentzia eta pianoaren lirismo leun eta goxoaren urrumadan ia arrotza jakun edertasun miresgarriaz azalarazoten deuskuez. Barriketaldi honen 12 lagin moduko doinuotan, 1827ko jantzarako soinuak, ilustrazinoko harrotasun handiko piezak, karlistaden sasoiko jai girorako moldaketak, euskal tradizino eta moral erlijiosoari lotutako doinuak eta egungo esperimentazino freskagarriak, hain zuzen be.
Joserra Senperenak hamaika disko kaleratu ditu bere izenean, horreetako batzuk Jose Inazio Ansorena eta Rafael Berrio musikariakaz batera, baita beste diziplinatako artistakaz be: Harkaitz Cano, Patxi Zubizarreta, Rafa Egiguren, Jose Luis Zumeta eta Dora Salazar. Oraingoan, zinema musikea sortzeari eskaintzen deutso denporea. Josu Martinez, Juanba Berasategi, Julio Medem edota Koldo Almandozen filmen soinu-bandak sortu ditu.
Jose Ignazio Piter Ansorenak, ostera, herri musikeari dedikau deutso bere jarduna. Haren ezagutza eta trebetasuna handiak izan arren, musika alorretik kanpo da, akaso, ezagunagoa bere pailazo eta showman lanetan. Edozelan be, Ansorenaren ibilbide musikala guztiz aparta da, berbarako, 1979an Donostian egindako I. Txistulari Bakarreko Txapelketaren irabazle izan zan. Bertako Txistulari taldeko zuzendari izan da hainbat urtez eta katedra baten jaube da. Txistuaren afinaketa tekniken ikerkuntza eta pedagogia inork baino sakonago landu ditu, erreferentziazko gida liburuak idatziaz eta herri musika eta doinuen ikertzaile nekaezina izan da urte honeetan guztietan. Bakarlari edota Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoakaz hainbat disko plazaratu ditu, baita Joserra Senperena bera edo Alvaro Cendoya pianisteagaz be.
Esperientza horren isladea da disko honetako aniztasun koloretsua eta aberasgarria. Baina garrantzitsuena eta baliogarriena da estreinako aldiz doinu barri bat entzuteko momentuaren freskotasunez jarduteko erakusten daben gaitasuna da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!