530.967 lagunek bisitau dabe Guggenheim Bilbao Museoa 2021ean

Bizkaie! 2022-01-03 07:40   Kulturea

Museoaren jarduereari esker EAEn sortutako eskaria 195,9 miloe eurokoa izan da.

Pandemia-egoera betean igarotako urtea izanda, kopurua oso positiboa da, aurtengo urterako aurreikusitakoa baino % 6 gehiago izan baita, batez be urteko bigarren zatian egondako bisitari-gorakada handiari esker.

Bisitarien jatorri geografikoari erreparauta, 2021ean bisitarien % 57 Estadukoa izan da eta % 43 beste herrialde batzuetakoa, Frantzia (% 16), Alemania (% 4), AEB (% 3), Britainia Handia (% 2), Italia (% 2) eta Portugal (% 1). EAEko bisitariak kopuru osoaren % 23 izan dira eta Estaduko gainontzeko lekuetatik etorritakoen artean Kataluniakoak eta Madrilgoak nagusi izan dira (bisitarien % 8 eta % 7, hurranez hurran).

Publikoa apurka apurka berreskuratu izanaren arrazoietako bat, aurtengo programazino artistikoak izandako harrera ona izan da eta horren erantzule izan dira, besteak beste, gaur egun ikusgai dagozan Emakumeak abstrakziogile (BBVA Fundazinoaren babesari esker) eta Alice Neel: personak lehenbizi (Iberdrolak babestua eta urteko erakusketarik onena nazinoarteko Apollo Art Magazine eta Vulture aldizkarien arabera) eta, zelan ez, udan bisitari gehien erakarri zituan Urte eroak, 1920ko hamarkadea (BBKren babesari esker atondua).

#BiziberrituPuppy crowdfunding kanpainea izan da Museoak 2021ean gauzatutako ekimen barritzaileetako bat. Kanpainea bailean hasi zan Jeff Koonsen Puppy eskulturea barritzeko funtsak batzeko asmoz eta 60.750 euro jaso ditu oraingoz. Asko eta asko izan dira beren ekarpenari esker Puppy barrutik barritzen lagundu daben dohaintza-emoileak, baita enpresak be. Barrikuntza-lanak iraila eta urria artean gauzatu ziran.

Arlo digitalari jagokonez, guggenheim-bilbao.eus webguneak 2.719.376 bisitaldi eta bistaratutako 8.242.072 orrialde erregistrau zituan 2021ean; era berean, gora egiten jarraitzen dabe Museoak sare sozialetan dituan komunidadeak eta eraginak: 743.000 jarraitzaile Instagramen, 371.200 Twitterren eta 342.100 Facebooken; danetara, 1.456.300 lagun. Nabarmentzekoa da jarraitzaileek Museoaren kontuakazko dituen hartu-emon handiak.

Hezkuntza-programen arloan, barriz, 2021ean 52.687 personak hartu dabe parte Museoak eskainitako aurrez aurreko zein online jardueretan eta 436.399 persona izan dira arte-programazinoaren osogarri diran espazio didaktikoak erabili dituenak. Urteko barrikuntzen artean, honakoak dira nabarmentzekoak: abian jarri da Hezitzaileen Community, irakasleentzako berariazko kolektiboa, interes-talde horren aurreko loturea indartzeko asmoz sortua; tresna digitalen erabilerea indartu egin da Museoaren hezkuntza-programazinoaren irismena zabaldu ahal izateko; eta New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumen egonaldiak egiteko euskal ikasle eta artistentzako beka-programearen zazpigarren edizinoa aurrera doa.

Komunidade zabala

Museoko banakako kideei jagokeonez, 101.716 dira Museoak artearen eta kulturearen inguruan sortutako Community komunidadekoak. Kolektiboen arabera banatuta, 21.127 Museoaren Lagunak dira; Museoa edegi zanetik izandako kopururik handiena da horrek esan gura dau kolektibo hori sano errotuta dagoala hurreko ingurunean. Museoagaz hartu-emanean egoteko dobako modalidadeari jagokozan kideak, aldiz, 79.792 dira; kolektiboa % 70 hazi da 2021ean

Guggenheim Bilbao Museoak 2021ean izan dauen enpresa-partaidetzeari jagokonez, 111 izan dira Kide Korporatiboak. Erakundearen finantzabidearen ezinbesteko oinarri diran kideok be badira Communityren parte.

Eragin ekonomikoa

2021ean Guggenheim Bilbao Museoaren funtzionamenduak bere inguruan izandako eragin ekonomikoari buruzko emoitzak:

Museoaren jarduereari esker EAEn sortutako eskaria 195,9 miloe eurokoa izan da.

Barruko Produktu Gordinari egindako ekarpena 172,2 miloe eurokoa izan da.

Kopuru horreei esker, Euskal Ogasun Publikoek 26,6 miloe euroko diru-sarrera gehigarria izan dabe.

Museoaren jarduereak 3.671 enpleguri eusten lagundu dau.

Aurten be, bizitako urte gogorra gorabehera, Guggenheim Bilbao Museoak Europako kultura-erakundeen artean buru izaten jarraitzen dau autofinantziazino-maileari jagokonez. 2021ean % 62koa izan da datu hori, gitxi gorabehera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu