Opil Solidarioa banatuko dau Caritasek urtarrilaren 5ean

Bizkaie! 2022-01-03 08:18   Pil-pilean

Bilboko Plaza Barrian ipini dabe hitzordua, 10:00etatik 14:00etara.

Hainbat enpresa eta erakundek lagunduko dabe Opil Solidarioan (argazkia: Caritas) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Caritasek, Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteagaz batera, XVII. Opil Solidarioa banatuko dau Errege Egun bezperan Bilbon, urteroko ohitureari eutsita, baina gaur egungo osasun egoerara egokituta. Errazino bakotxa eta txokolate beroa pack eroangarri eta birziklagarrietan emongo dabe, beste leku baten konsumidutea errazagoa izan daiten. Hartara, jente piloketarik ez da egongo Plaza Barrian.

2005etik egiten da Opil Solidarioa banatzeko ekitaldia Bilbon. Aurtengo opil edo erroskoa Bizkaiko Okindegien Alkartekoek egingo dabe, Lapiko Catering eta LogiFrio enpresak laguntzaile dirala. Txokolatea Iruña Catering-ek banatuko dau, Baqué eta Kaiku enpresek emondako osogaiez egina.

Lehengai ugari beharko ditue 300 kiloko opila egiteko: 140 kilo urun, 25 kilo azukre, 37 kilo gurin, 55 dozena arrautza, 13 litro laranja-lorezko ur, 13 kilo legamia, 20 kilo fruta melatu eta 3 kilo gatz.

Urtarrilaren 5ean, eguaztena, goizeko 10:00etatik 14:00etara ibiliko dira Caritaseko boluntarioak opil zatiak eta txokolate beroa banatzen. Zati bakotxa euro batean salduko dabe. Informazino gehiago hemen.

Umeen pobreziaren inguruko kontzientziazinoa zabaltzeko, gizartea bazterkeriaren kontrako burrukan inpliketako eta Caritasen proiektuak finantzietako antolatzen dabe urtero Opil Solidarioa. Izan be, pandemiak, osasunean ez eze, gizartean eta familien ekonomian be eragin dauela azpimarratu dau Caritasek.

Euskal Autonomia Erkidegoan 130.000 laguni eragiten deutse pobrezia larriak, pandemia hasi aurretik baino gehiagori. Caritasen arabera, nabarmen okertu dira seme-alaba adinbakoak dituen familien bizi-baldintzak, eta horren ondorioz areagotu egin da umeen pobrezia. 2020an, 14 urtetik beherakoen %11,7 pobrezian egoan.

Caritas Bizkaiaren babespean dagozan personen ia erdiak seme-alabadun familietakoak dira (6.200 lagun baino gehiago), eta horreetatik 2.700 inguru guraso bakarreko familietakoak. Caritasek 3.200 ume baino gehiago babesten ditu Bizkaian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu