Germán Elorzaren argazkiak ipini ditue Bilboko Itsasmuseumen

Bizkaie! 2021-12-30 11:46   Kulturea

1932tik 1974ra egindako dozena bat erretratu dira.

Museoaren moiletan dago erakusketea (argazkia: Itsasmuseum) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urte zaharra agurtu eta barriari ondoetorria egiteko, Bilboko Itsasmuseumen kanpoaldean Germán Elorzaren argazkiak ipini ditue, panel handietan eta jagoken informazinoaz lagunduta. Bizkaiko irudi historikoak dira, orain dala hamarkada batzuetako bizimoduaren barri emoten dabenak. Zezeilaren 15era arte ikusi ahal izango dira.

Euskadiko Artxibo Historikoak eta Bilboko Portuak sustatutako erakusketa honek hamabi argazki batzen ditu. Egilea Germán Elorza da (1910-1983), belaunaldi askok ezagutu eben argazkilaria eta XX. mendeko Bizkaiko jazoera ugariren lekukoa. Ogibidez fotokazetaria zan Elorza, eta, hortaz, Bizkaiko egunerokoaren kronika bisuala da haren obrea.

Itsasmuseumen kanpoaldean ipinteko aukeratu dituen argazkietan, Bizkaiko bizimodua ondo erakusten daben eszenak dagoz, gehienak itsasoagaz edo itsasadarreko jarduerakaz lotuak. Zaharrena 1932koa da eta barriena, 1974koa.

Erakusketako erretratuakaz 2022ko egutegia egin dabe Artxibo Historikoak eta Portuak, hile bakotxerako argazki bat aukeratuta. Itsasmuseumen bertan eskuratu leiteke egutegia, zazpi euroren truke. Prezio horren barruan sartzen dira museoa ikusteko sarrera bi be, martiaren 31 baino lehen erabili beharrekoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu