Maria Goiricelaya eta Ane Pikaza bizkaitarrak, Erriberriko Antzerki Jaialdiko zuzendari

Bizkaie! 2021-12-30 08:38   Kulturea

Hamaika hautagaitza aurkeztu dira.

Maria Goiricelaya eta Ane Pikaza | Ikusi handiago | Argazki originala

Nafarroako Erriberriko Antzerki Jaialdi ezagunak zuzendari artistiko barriak ditu, Maria Goiricelaya eta Ane Pikaza, Nafarroako Gobernuko kultura arduradunek jakitera emon daben ebatziaren arabera. Lehenengo aldiz, beraz, bikote batek gidatuko dau jaialdia, eta ez persona bakarrak. Aspalditik alkarlanean ibilitakoak dira Goiricelaya eta Picaza, eta alkarregaz aurkeztu dabe Erriberrirako hautagaitzea.

Danetara, hamaika hautagairen artean aukeratu dabe Erriberriko jaialdiko zuzendaritza artistiko barria. Kalidade eta interes goreneko proposamenak izan dira danak, Nafarroako Gobernuak aitatu dauenez, baina Goiricelayaren eta Pikazaren alde egin dabe arte eszenikoei lotutako esperientzia eta gaitasunak dituelako.

Ondo egituratutako eta oinarritutako proiektua aurkeztu dabe, lizitazinoan aitatzen ziran alorretan: ikuspegia, programazinoa, koherentzia ekonomikoa, kontestura egokitzea, gizarteratzea, bitartekaritzea eta parte-hartzea. Tradizinoa ahaztu ez daben arren, zuzendari artistiko barriek proiektu garaikide eta askotarikoa aurkeztu dabela dino Gobernuak, sorkuntzearen atal guztiak kontuan hartzen dituana.

Gitxienez 2022ko irailera arte indarrean egongo dan kontratuak dakarrenez, Goiricelayak eta Pikazak hainbat zeregin izango ditue. Garrantzitsuena, bikaintasun artistikoan oinarritutako kalidadezko programazinoa atontzea Erriberriko jaialdian.

Bizkaiko arte eszeniko garaikidean hazitako sortzaile bi dira Maria Goiricelaya eta Ane Pikaza bilbotarrak. Formakuntza akademiko zabala eta oholtza ganeko eskarmentua dabe biek. Kabia Teatroaren barruan ekarpen ugari egin ditue, eta 2017an La Dramática Errante sortu eben. Euren azken produkzinoen artean dagoz Harri orri ar (Max Sarietan finalista) eta Yerma.

Goiricelaya, besteak beste, Arte Eszenikoetan doktore da, eta kudeaketa artistikoan masterra dauka. Bilboko BBK Salako programa artistikoaren arduraduna da. Aktorea ez eze, zuzendaria be izan da obra askotan.

Pikaza, ostera, oholtza ganean egindako lanagaitik da ezagun, batez be. Antzerkian ez eze, zineman be ibili da (Nora-n protagonista izan zan), eta marrazkilaria be bada. Baina ez da ahaztu behar Arte Ederretan lizentziaduna dala eta kudeaketa kulturalean masterra be badaukala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu