Vocalia taldeak 'There is no Rose' aurkeztuko dau Bilbon

Bizkaie! 2021-12-28 08:49   Musikea

Basilio Astulezek egingo ditu zuzendaritza lanak.

Abenduaren 9an, domekan 19:00retan, Vocaliak, Francesca Romana Di Nicola harpa jotzaileagaz eta Oliver De Castro eta Elena Angulo tronpa jotzaileakaz, kontzertua emongo dau Bilboko Alkarte Filarmonikoan.

There is no Rose

Programearen muina Benjamin Britten konpositore britainiarraren A Ceremony of Carols suitea da, Mesiasen etorrerearen aurrean biziteari egindako kantua, erritmoz, melodiaz eta nostalgia puntu batez josita.

Pieza honen bederatzi zatietan, korua eta harpa urte barria datorrenerako alaitasunetik neguko gau hotz eta iluneraino igaroten diran paisajeak marrazten dira, baita Satanás  eta Jaungoikoaren arrteko burrukea be.

Obrea hasten eta zarratzen dauen prozesino-kantu solemne batek bizi-zikloaren, betiko itzulerearen eta heriotzearen eta bizitearen arteko orekearen metafora musikala sortzen laguntzen dau.

Pieza enblematiko horri heltzean, Vocalia Taldeak gauza bakar eta barri bategaz osotu gura izan eban eta, horregaitik, Xabier Sarasola euskal konpositoreari proiektu honetarako idatzitako pieza bat eskatu eutson, emakume abesbatza eta harparako suite bat, inspirazinotzat Brittenen obra ospetsua hartuko ebana, Sarasolak Urtats Elur deitu dauen suitea.

Kontzertuaren egitarauan, Vier Gesänge Op.17 izango da, Johannes Brahms konpositore alemaniarraren lau abestiko bilduma bikaina, emakumeen abesbatza, harpa eta tronpa bigaz.

There is no Rose, beraz, bizitearen, ilusinoaren eta itxaropenaren aldeko kantua da, akaso metafora bat izan daiteke, tragediaren eta gaixoen azken urte hau atzean ixteko eta indarbarrituta birsortzeko estimulu eta ilusino barriez betetako etorkizun baten aurrean.

Kontuak kontu, kontzertuaz gozetako gonbidapena behar da, Alkarte Filarmonikoaren lehiatilan eskuragarri: urtarrilaren 3, 4, eta 5ean, 12:00-14:00 eta 16:00-18:00; urtarrilaren 9an, 17:30-18:30.

Vocalia Taldea

Basilio Astulez egungo zuzendariaren ekimenez 2000. urtean sortu zan Vocalia Taldea eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Errioxatik etorritako abesbatzen munduan eskarmentu handiko emakumeen musika ardurak mamitzen ditu.

Haren idea ahots-talde egonkor bat sortzeko asmoan oinarritzen da, musika eta ahots aldetik exijentziak dirala-eta interpretetan ez dan errepertorioa eskuratzeko; hasieratik, Vocalia Taldea Espainiako eta Europako (Italia, Frantzia, Irlanda, Belgika...) ziklo eta jaialdi koral ugaritara gonbidau dabe eta hogei sari baino gehiago jaso ditu nazinoarteko lehiaketetan.

Basilio Astulez

Koru Kantuko irakaslea da Leioako Udal Konserbatorioan eta Leioa Kantika Korala ume abesbatzaren sortzailea 2001ean eta SJB abesbatza mistoa 2007an, Vocalia Taldeaz gan. Talde horreen buruan hainbat disko grabau eta bira ugari egin ditu Europan eta Ameriketan. Zuzendari onenaren sariak irabazi ditu Europako abesbatzen jaialdi ospetsuenetako batzuetan. Sariketetan epaimahaikide izaten da eta abesbatzen zuzendaritzako ikastaroak eta mintegiak eskaintzen ditu Europan, Ameriketan eta Asian.

2018tik Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Konserbatorioko abesbatzen zuzendaritzako irakaslea be bada. 2019ko zemendian, Euskal Herriko Abesbatzen Alkarteak Euskal Herriko Gazte Abesbatzako zuzendari artistiko posturako aukeratu eban eta talde horregaz irabazi dau Tolosako Abesbatza Lehiaketako 2021eko Sari Nagusia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu