Gabon jaiotan doban sartu ahal izango da Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2021-12-27 09:26   Kulturea

Zinetxiki Ume eta Gazteentzako Nazinoarteko Zinemaldia be martxan.

Bilboko Arte Eder Museoak ohiko ordutegian edegiko ditu ateak Gabon jaiotan (astelehenetik zapatura, 10:00etatik 20:00etara; domekatan, 10:00etatik 15:00etara; martitzenetan, zarratuta), abenduaren 24an eta 31n izan ezik, 10:00etatik 15:00etara edegiko baititu. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an, barriz, zarratuta egongo da. Museorako sarrera doakoa da.

0. pisuan, bildumako 8 margolan azpimarragarri dagoz, neurri handiko bideoakaz batera eta horreetan Tamara García Iglesias zinemagileak deitutako zenbait emakumek artelanei buruz berba egingo dabe, arteari buruzko ikuspegi konbentzionaletik aldenduta –Ikuspuntuak–. Horrezaz gan, pisu berean dago Óscar Alzagaren dohaintzea, antxinako arteko hiru margolan italiar zoragarri dira: XVI. mendeko anonimo bat, Orazio Gentileschiren bat eta Salvator Rosaren bat.

Kontuak kontu, 1. pisuan, Agustín Ibarrolaren Guernica mural erraldoia dago ikusgai, Pablo Picassoren izen bereko obrearen aldarrikapen legez sortua. Gainera, Ibilbideak-en barruan, bisitetea merezidu daben bildumako artelanen multzo zabal bat dago, besteak beste, artista honeen lanak dagoz: Lucas Cranach Zaharra, Grekoa, Antonio Moro, Sofonisba Anguissola, Orazio Gentileschi, Murillo, Zurbarán, Goya, Gauguin, Adolfo Guiard, Arteta, Sorolla, Bacon, Balerdi, Oteiza, Chillida eta Miquel Barceló. Azkenik, eskulturagile biren artista-liburu bana dagoz, Eduardo Chillida eta Anthony Carorenak, biak be Ivorypressek argitaratuak.

Bigarren pisuan, Maria Helena Vieira da Silva portugaldar artistearen grabatu-bilduma bat dago, bai eta José eta Ricardo Arrue anaien margolan eder bi be; enkarguz egin zituen, 1925eko Parisko Nazinoarteko Erakusketarako.

Zinetxiki Ume eta Gazteentzako Nazinoarteko Zinemaldia

Zinetxiki Zinemaldiaren VI. edizinoak (abenduak 26, 27, 29 eta urtarrilak 2, 3, 7, 8, 9) kategoria eta edadeen arabera sailkatutako filmak eskainiko ditu, bai eta zinema-kontzertu erako saio berezi bat be (urtarrilaren 9an, domekan), zinemearen hasierei egindako omenaldi legez.

Informazinoa eta sarrerak hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu