Felix Viscarret zuzendariak Bilbon filmau dau azken lana
2021-12-23 09:31 ZinemeaBilboko udaletxearen barrualdea zinema-plato bihurtu da.
HBOren Patria telesaileko zuzendarikide izandako Félix Viscarreten azken lana Una vida no tan simple izango da.
Bagilean, Netflixen Intimidad telesail barria bertan filmau ostean, Bilboko udaletxeak ateak edegi ditu beste behin Félix Viscarreten azken lanaren eszena batzuen eszenatoki bihurtzeko.
Una vida no tan simple lana filmau da bertan, amatasunari eta aitatasunari buruzko komedia eta Miki Esparbék, Alex Garcíak, Olaya Calderak eta Ana Polvorosak parte hartu dabe.
Viscarret, oraintsu HBOren Patria telesaileko zuzendarikide-lanetan ibilitakoa, Bilboko Udaletxean izan da egunotan, esku artean dauen lana filmetan. Bertan izan dira, besteak beste, Miki Esparbé eta Olaya Caldera aktoreak, baita filmaren produktore Iker Ganuza be; azken horrek Akelarre filma produzidu eban, hain zuzen be, 2021eko Goya sarietan bost sari irabazi zituan lana.
Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandianok harrerea egin eutsen danei eta lan-topaketa bat izan eben filmaketeari buruz eta Bilbok zinemearen munduan dituan aukerei buruz, izan be, uriak gero eta eskaera gehiago jasoten ditu.
Orain pare bat hile, Félix Viscarret eta bere lantaldea Juan Mari Aburto alkateagaz izan ziran eta barriketaldi horri esker sortu zan Bilboko udaletxean bertan filmetako aukerea.
Viscarretek (Iruña, 1975)
2007. urtean debutau eban Bajo las estrellas lanagaz. Horren atzetik, Cuatro estaciones en La Habana eta Fernando Aranbururen eleberrian oinarritutako Patria telesaila egin ditu.
Una vida no tan simple zuzendariaren bosgarren filma da eta datorren urtean estreinauko da. Lamia eta A Contracorriente Films etxeek produzidu dabe.
Una vida no tan simple
Horretarako prestatuegi sentidu barik guraso bihurtutako eta bizitza profesionala eta bizitea umeakaz buztartzea eskatzen daben etxeko hondamendi txikietan sartzen diran personak dira filmaren argumentua: Ezin dabe ahots hori isildu esaten deutsenean, dagozan lekuan dagozala, dana txarto egiten dabizela, dino Felix Viscarretek, gidoia umorez be idatzi dauenak. Gau batean sentidu neban guraso batzuen irudia lotan egozan seme-alabak garraiatzen, uriko oinezkoen pasabideak gurutzatzen, ordu horreetan hutsik, edozein burruka personal justifiketako kapaz zan irudi indartsu eta hunkigarria izan eitekeala, gehitu dau Viscarretek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!