Emakunde Saria, kazetaritzan bardintasunaren alde egin dabenei

Bizkaie! 2021-12-22 08:38   Pil-pilean

Lucía Martínez Odriozola zana, Berria eta Pikara Magazine dira aurtengoo irabazleak.

Hiru sarituen ordezkariak eta Izaskun Landaida (argazkia: Emakunde) | Ikusi handiago | Argazki originala

Emakume eta gizonen arteko bardintasunagaz konprometidutako kazetaritzea egiten daben norbanako eta komunikabideei autortzea egin nahi deutse Emakundek aurten, eta horren erakusgarri, alor horregaz lotutako hiru irabazle aukeratu ditu epaimahaiak 2021eko Emakunde Sarietarako: Lucía Martínez Odriozolari hil ondoko autortzea egin deutse, eta Berria egunkaria eta Pikara Magazine aldizkaria dira beste irabazle biak.

Bardintasunaren aldeko prestakuntzea zein jardun praktikoa gogoan hartu ditue sari hirukotxa emonda. Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren esanetan, ezinbestekoa dan genero ikuspegia txertatua dauen formakuntzatik, aplikazino praktikora dagoan bidea saritu da.

Lucía Martínez Odriozolaren kasuan, arlo akademikoari eta kazetaritzeari egindako ekarpen aitzindari eta erreferentziala nabarmendu dau epaimahaiak, bai eta kazetaritza generalisteari eta kazetaritza espezializaduari egindako ekarpena be. EHUko Informazino Zientzien Fakultadeko irakaslea, Genero ikuspegia dauen Kazetarien Euskal Sarearen sustatzailea eta Pikara Magazineren sortzailea izan zan.

Epaimahaiak nabarmendu dau, ganera, Emakundeko Begira, Publizidade eta Komunikazino ez-sexistarako Aholku Batzordeko kidea izan zala 2013tik, eta, bertan, bere trebetasuna eta ezagutza eskaini zituala hil zan arte.

Pikara Magazine aldizkaria, bestalde, aldizkari feministea da, eta epaimahaiaren arabera, erreferentziazko gune bihurtu da giza eskubideakaz dauen konpromisoagaitik. Emakumeen mobimenduen jardueren dokumentazinoagaitik nabarmendu dabe, baita emakumeek hedabideetan parte hartzeko, eztabaidatzeko, komuniketako trebetasunak hobetzeko eta sare sozialeetan sartzeko eskaintzen dituan aukerakaitik be.

Azkenik, Berria egunkariak bardintasunagaz eta feminismoagaz dauen konpromisoa nabarmendu dau epaimahaiak, genero-ikuspegia eguneroko praktiken artean sartzen dauen kalidadezko informazinoaren bidez. Nabarmentzekoa da indarkeria matxisten tratamenduari Berria-k egiten deutsan ekarpena: estilo-liburuak egin ditu, bardintasun-planak diseinau...

Emakunde Sariaren bitartez, epaimahaiak autorpen publikoa egiten deutse egunero bardintasunetik lan egiten daben komunikazinoko beste profesional batzuei eta ikuspegi feministea eta genero-ikuspegia txertatzen dauen kalidadezko kazetaritzea sustatzen lan egiten daben hedabide guztiei.

Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren arloan egindako lanagaitik nabarmendu diran pertsona fisiko zein juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori nabarmentzea. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da.  Kasu honetan, hiru hautagaitzen artean banatuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu