Manuel Lekuona Sariaren oroigarria hartu dabe Xabier Amurizak eta Jose Ramon Etxebarriak
2021-12-21 08:29 KultureaAzken edizino bietako sariak batera emon ditue, pandemiagaitik.
Eusko Ikaskuntzak ez dau etenik egin Manuel Lekuona Sariak emoteko orduan, 2019an Xabier Amurizak irabazi eban eta 2020an Jose Ramon Etxebarriak. Egia da, baina, pandemiak behartu egin dituala saria emoteko ekitaldiak atzeratzera, eta orain arte ez dabe Amurizari eta Etxebarriari gorazarre egiteko tarterik topau.
Horrenbestez, astelehen iluntzean Bilboko Kafe Antzokian egindako ekitaldia biei sariak emoteko aprobetxau dabe. Hor be edukierea mugatuta egon da, baina, behintzat, saritu biakaz batera agertu dira Eusko Ikaskuntzako eta erakunde publikoetako ordezkariak.
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria izan da ekitaldiko buru. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua be han izan da. Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Lorea Bilbao Kultura diputadua joan da, Bilboko Udalarenean, Koldo Narbaiza zinegotzia eta epaimahaiaren ordezkari, Nieves Fernandez.
Ana Urkizak adierazo dauenez, Xabier Amuriza erreferentea da, bertsolaritzan irakasle, teorialari eta ikertzaile lez sakondu dauen barritzailea. Kulturearen alderdi ugaritan egin dituan ekarpenak gogoratu ditu Urkizak, besteak beste, literaturan eta musikan.
Jose Ramon Etxebarriaren ibilbide luze eta oparotik, Urkizak nabarmendu dau zientziaren eta unibersidadearen alorretatik euskerearen normalizazinoari egindako ekarpena. Amurizak eta Etxebarriak, biek berbeagaz lan egin dabela dino Urkizak. Berbea ezagutzarako eta komunikazinorako; aditza sentiberatasunaren eta kulturearen, zientziaren eta Euskal Herriko kontzientziaren zerbitzura.
Xabier Amurizak pozik hartu dau Manuel Lekuona Saria, zahartzaroan bizi izatea tokau jakozan esperientzia politen artean bat izan dala dino. Saritutako izenen zerrendan nire izena ikusita, utopia beteten dabilela uste dot. Amurizaren ustez, Bernat Etxepare, euskerazko lehenengo idazlea, da euskaldunik zoriontsuena, baina bigarren zoriontsuena bera da.
Jose Ramon Etxebarriak, bestetik, kide izan dituan euskaltzale, ikertzaile eta irakasleakaz konpartidu nahi izan dau Manuel Lekuona Saria. Ohar bi egin ditu: batetik, euskeraz behar egiten dauen komunidade zientifiko bat egon badagoala; bigarrenik, euskereak esateko dogun guztia esateko ahalmena dauela. Eta gaitasuna dau, baita be, oraindino existiduten ez dana esateko... edo asmatzeko.
Remigio Mendiburuk diseinautako eskulturearen ale bana emon deutsie Amurizari eta Etxebarriari. Ondoren, barriketaldia izan dabe saritu biek. Eusko Ikaskuntzak agindu dau hurrengo egunotan sarean ipiniko dauela barriketaldiaren bideoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!