Suspertzen hasi da Bilboko Arte Eder Museoa 2021ean

Bizkaie! 2021-12-20 10:58   Kulturea

Pandemiaren ondorioak amaitu ez diran arren, 100.000 bisitari izan ditu.

2022an itxura barria hartzen hasiko da museoaren eraikina | Ikusi handiago | Argazki originala

Urteko balantzea egin eta 2022ko asmoen barri emon dau Bilboko Arte Eder Museoak, Patronatuaren urteroko batzarrean. Patronatuko kide diran erakundeek baikortasunez heldu deutse datorrenari, 2021ak emon dituan datuakaz konforme dagoz eta. Igaz pandemiak eragin eban beheraldiari zelan edo halan bueltea emon ahal izan jako, eta eraikina handitzeko obrak hasi barritan, datorren urte osoan museoa edegita izateko moduan izango diralakoan dagoz.

Normalean baino bisitari gitxiago izan ditu aurten Arte Eder Museoak, 100.000 inguru zemendira arte. 2019koaren erdia da hori, baina gogoan izan behar da pandemiak eragin dituan murrizketak eta mugak. 2020agaz, pandemiaren urterik txarrenagaz, konparauta, bisitariak % 46 gehiago izan dira aurten.

Beste adierazle batzuetan be, museoa suspertzen hasi dala ikusten da: Museoaren Lagunak 4.493 dira dagoeneko (% 8ko igoerea) eta interneten be gero eta jarraitzaile gehiago ditu. 400.000 bisita izan ditu webguneak eta museoaren sare sozialek 130.000 jarraitzaile ditue.

Ganera, eskoletako bisitak berreskuratu ditue, pandemiak behartutako etena atzean itxita. Martian hasi ziran ikastetxeetako neska-mutilak Arte Eder Museora txangoak egiten eta, urte amaierara arte, 5.500 parte-hartzaile inguru izan ditu egitasmoak.

2022ko asmoak be aurkeztu ditu museoak. Helburu bat nabarmentzen da beste guztien artean, hau da, museoari zabalik eustea urte osoan, eraikina handitzeko obrak martxan izango diran arren. Norman Foster eta Luis Mari Uriarte arkitektuen proiektuan oinarrituta, guztiz aldatuko dabe museoaren egiturea, espazio eta solairu barriak gehituta, baina museoko arduradunek uste dabe ez dala beharrezkoa izango behin behinean ixtea.

Obretarako prestakuntzak aurten bertan hasi dira, udagoienean. Areto batzuk itxi eta artelan batzuk lekuz aldatu ditue. Galeria barri bat eregiten dabiz, obrek eraikin zaharraren zatirik handiena hartzen dabenean erabilteko, garagarriletik aurrera, aurreikuspenen arabera. Patronatuko kide diran erakunde guztiek babestu dabe obrearen prozesu osoa. 

Enpresa pribadu ugari eta kulturearen alorreko fundazino batzukaz batera, erakunde publikoak dagoz Bilboko Arte Eder Museoaren Patronatuan: Eusko Jaurlaritzea, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala. BBK be bazkide estrategikoa da, eta BBK Museoa gunea sortuko dau eraikina handitzen danean. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu