Guggenheim Museoak miloe erdi bisitari baino gehiago izan ditu aurten

Bizkaie! 2021-12-17 09:30   Kulturea

2022ko aurrekontua eta egitarau artistikoa onartu ditue Patronatuaren batzarrean.

Patronatuko kideak, Bilbon (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz pasau zan lez, aurten be nabarmena izan da pandemiaren eragina Bilboko Guggenheim Museoaren 2021eko jardunean. Horren erakusgarri dira Museoaren Patronatuaren urte amaierako batzarrean zabaldu diran datuak, esate baterako, bisitariena. Pandemiaren aurreko urte oparoakaz konparauta, gitxi gorabehera erdira bajau da museora joan diranen kopurua.

Dana dala, 2020an hondoa jo eta gero, igoera handia izan dau bisitarien datuak aurten, eta miloe erdiren langatik gora dago barriro. Patronatuaren batzarrera arte, 506.174 izan da zenbaki zehatza, baina urtea amaitzerako 530.000 bisitari inguru izango dirala aurreikusi dabe. Urte hasikeran egindako aurreikuspenak baino % 6 gehiago da hori.

2020an, gehienbat, inguruko bisitariak joan ziran museora, edo, asko jota, Espainiakoak. 2021ean, ostera, urrunagotik heldutako bisitariak gero eta gehiago dirala igarri dabe, batez be urtearen bigarren erdian. 

Hurrengo urtea, 2022a, transizinorako urtea izango dala uste dabe Guggenheim Museoko arduradunek, normaltasunerako bidean. Aurten baino bisitari gehiago espero ditue, 2021eko eta pandemia aurreko kopuruen arteko erdibidean. Hortaz, aurrekontua be egoera horretara egokituko dabe: 30 miloe euro, pandemia aurreko kopuruetatik hur.

Ganera, 2022ko programazino artistikoa onartu dabe. Zezeiletik, ikusgai egongo dira fauvismoko, kubismoko, Parisko Eskolako eta surrealismoko hainbat maisulan, eta ondoren, Jean Dubuffet artistearen lanen bilduma bat ekarriko dabe. 

Apirilean Motion. Autos, Art, Architecture erakustaldiaren txandea izango da: Norman Foster arkitekto britaniarrak atondutako erakusketa ikusgarriak aztertuko dau XX. mendeko artean eta diseinuan automobilak izandako garrantzia. Uda hasikeran Serra/Seurat. Marrazkiak helduko da Guggenheimera, eta, azkenik, uda ostean, Sekzinoak / Intersekzinoak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte izeneko erakusketa handiak eraikin osoa hartuko dau. Izan be, mende laurena beteko dau Bilboko Guggenheimek datorren urtean.

Patronatuaren batzarrean museoko arduradunak, Solomon R. Guggenheim Fundazinoko ordezkariak, babesle nagusiak eta erakunde publikoetako agintariak egon dira. Iñigo Urkullu lehendakaria izan da topaketearen buru. Fundazinoko buruzagi Richard Armstrongek bide telematikoei esker hartu dau parte, Ameriketatik. Juan Ignacio Vidarte Bilboko museoko zuzendariak emon ditu azalpenak.

Beste honeek be batzarrean izan dira: Unai Rementeria (Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazinoaren Batzorde Betearazlearen Presidentea); Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua); Lorea Bilbao (Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua; eta Juan Mari Aburto (Bilboko alkatea).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu