Zortzi finalistak, Miribillako azken saiorako gogotsu
2021-12-14 12:56 BertsolaritzeaPandemiak txapelketea baldintzatu dauen arren, finalera sasoi betean helduko dirala dinoe.
Miribilla auzoko Bilbao Arenan agertu dira 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko daben zortzi bertsolariak, antolakuntzako kideak eta irabazleari txapela jantziko deutsen Joseba Etxebarria eta Moises Enbeita. Pandemiak eragindako oztopoak dirala eta, ez da erraza izan txapelketea hasieratik amaierara eroatea, baina azkenik heldu da finalaren ordua: zapatuan, hilak 18, arratsaldeko 17:00etan.
Bizkaiko Bertsozale Alkarteko ordezkari Belate Olabarriak onartu dau gatxa izan dala aurtengo edizinoa antolatzea. Orain dala urte eta erdi hasi zan Udabarriko Fasea, eta, behartutako eten batzuk tarteko, orain arte ez dira finalera heldu. Dana dala, finalaurrekoak publiko eta guzti jokatu dira aurreko asteetan, eta finalean be jente asko espero dabe Bilbao Arenako harmailetan.
Edizino honetako barritasunetako bat da irabazleari txapela jazteko lagun bi aukeratu dituela, bakarra izan beharrean. Txapelketea antolatzeko urterik urte lanean dabizan guztiei omenaldia egitea eta talde-lana azpimarratzea da Alkartearen asmoa, eta horregaitik aukeratu ditue Moises Enbeita eta Joseba Etxebarria, isilpeko lanean aspalditik dabizalako.
Hainbeste lan egin dogunontzako saria da, autortu dau Moises Enbeitak. Joseba Etxebarria be pozik agertu da: atzetik dogun jente guztiaren babesa sentidu dot.
Bertsolariak eurak be gogoz dagoz zapatuko finalean euren onena emoteko. Aitor Etxebarriazarragarentzat eta Gorka Pagonabarragarentzat Bizkaiko lehenengo finala izango da, eta pixka bat ezustean heldu jakela onartu dabe. Ez neban espero finala aurten etorriko zanik, baina aukera ederra izango da, esan dau Pagonabarragak.
Etxebarriazarragak bere buruari balioa autortzeko bidetzat jo dau finaleko txartela. Izan be, 22 urtegaz hasi zan bertsotan, aurretik bertso-eskoletatik pasau barik, eta, hortaz, gaur egun ezohikoa da bere ibilbidea. Neure burua bertsolari lez onartzeko lagungarri izango jat.
Orain dala urte eta erdi hasi ziran lehian Pagonabarraga eta Etxebarriazarraga. Azken honek luze eretxi deutso finalera heldu arteko bideari, batzuetan astun egin jako lehiaren tensinoari eutsi behar izatea. Pagonabarragari, ostera, ez jako luzea egin: faserik fase joan naz, bidea disfrutau dot.
Aitor Bizkarrak bigarren finala izango dau zapatukoa. Gorputzaldi onagaz nator, ez lotuta, ez ikaratuta. Gaztea dan arren, finaletan eskarmentu luzeagoa dau Nerea Ibarzabalek. Beteranoa ete dan galdetuta, txapelketeak arin zahartzen zaitu, onartu dau. Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita alboan ikusita, baina, aurretik urte asko dituala dino Ibarzabalek, eta bere helburua dala hareen moduko ibilbide bat egiteko indarrari eustea.
Hain zuzen be, finalista guztien artean txapeldun izatea zer dan dakien bakarrak dira Lekue eta Enbeita. Moises Enbeita Onintza Enbeitaren osabea eta Joseba Etxebarria Lekueren osabea dirala gogoratu dabe, eta seinale bat dala esan dau Lekuek, brometan. Zabalik ikusten dau finala larrabetzuarrak.
Gaur egungo txapelduna danez, zapatuan oholtzan txapela modu sinbolikoan jantzita eroango dauela uste dau Enbeitak, baina horregaitik ez dauela pisurik sentiduten. Eskarmentuak lagunduko deutsala uste dau: arma emozionalak daukaguz beteranook finalean tensinoari eusteko. Hori bai, orain arte egindakoak ez dauela punturik emoten, eta Miribillan danak zerotik hasiko dirala ganeratu dau.
Jone Uriak seigarren finala izango dau. Lasaitasuna emoten dau horrenbeste final jokatu izanak, ibilbide bat eginda daukat eta ez dot ezer demostrau behar, adierazo dau algortarrak. Zortzigarren finalistea Xabat Galletebeitia da, eta mezu baikorra emon nahi izan dau, pandemia sasoian era honetako final bat jokatzea gauza handia dalako: pandemia osteko txapelketea dala esaten dot batzuetan, baina ez, pandemian gagoz oraindino; garrantzitsua da hemen egotea.
Bertsolari guztiek onartu dabe pandemiak distantzia hartzen lagundu deutsela, bertsogintzaz eta euren ikuspegiaz gogoetea egiteko. Gauza asko zalantzan jarten dozuz, neure burua barriro honelako hitzordu baten ikusiko ete neban be ez nekian, aitatu dau Galletebeitiak.
Bertsozale Alkarteak betiko aholkuak emon ditu finalerako: ahal dala garraio publikoa erabili, bertsolariak kantuan dagozanean isilik egon, antolatzaileen esanei kasu egin... Pandemiak arau barriak be ekarri ditu, adibidez, maskarea jantzita izan beharra momentu guztietan. Sarrerak salgai dagoz Bertso Sarrerak webgunean eta Bilbao Arenako txarteldegia zapatuan 12:00etan zabalduko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!