Santutxugaz lotutako 2.100 dokumentu batu ditu Argazkinetak

Bizkaie! 2021-12-13 12:41   Kulturea

Auzotarrek lagatako materialari esker, antxinako kontuak eta lekuak hobeto ezagutu ahal izango dira.

Bilboko Udalaren Bilbao Izan ekimenaren barruan, Argazkinetaren furgonetea Santutxu auzoan ibili zan urrian eta zemendian, auzotarrek gordeta izan daben materiala batzen. Sasoi bateko Santutxu zelakoa zan eta zelako bizimodua egiten zan agertzen daben argazki, dokumentu idatzi, aldizkari, kartel eta halakoak emon ditue santutxuarrek.

Danetara, 2.100 agiri inguru batu dituala dino Udalak, 200 lagunek emondakoak. Gehien-gehienak argazkiak dira.

2000. urtea baino lehenagoko materiala batzea izan da Argazkinetaren helburua. Batutako dokumentu guztiak digitalizau egin ditue, eta jaubeei kopia bana emon. Udalaren artxiboetan be gordeta egongo dira.

Santutxun batutako materialaren zati bat ikusteko modua izango dabe auzotarrek, abenduaren 15ean, eguaztena, egingo dan saioan. San Frantziskito eleizan egingo dabe Argazkineta Show proiekzinoa, 19:00etan, Ugaitz Alegria aktorea aurkezle dala. Sartzea libre da. Topaketa atsegin, dibertigarri eta parte-hartzailea izango dala agindu dau Udalak. 

Horrezaz gan, zezeilean, Santutxuko udaltegiko sarreran dagoan pantailan proiektauko ditue batutako argazki, dokumentu, kartel eta halakoak. Hortaz, Argazkinetako furgonetan auzotarrek emondakoa ezagutzeko hainbat modu izango dira. 

Herritarren parte-hartzea bultzatzen dauen ekimena da Argazkineta, auzoen oraintsuko historia berreregi eta orain dala hamarkada batzuetako kontakizunetan sakontzea helburu. Bilboko bizilagunek emoten daben materiala da oinarria. Santutxun ibili dira udagoienean, baina beste auzo batzuetan be izan dira lehenago, eta Udalaren asmoa da uriko beste eremu batzuetako historiari heltzea hurrengo hileetan.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu