'Psychonauts 2', Fun & Serious jaialdiko onena
2021-12-13 10:10 KultureaBarakaldoko BECen egin dabe aurtengo edizinoa.
Asteburuan egin dabe 2021eko Fun & Serious Barakaldoko BECen, antolatzaileen arabera bideo-jokoen alorreko Europako jaialdirik handiena dana. Profesionalen eta zaleen topaleku izan da BEC, baita sektoreko proposamen barriak ezagutzeko eta adituen azalpenak entzuteko gunea be. Igaz online izan zan, eta aurten aurrez aurreko formatura bueltau da Fun & Serious.
Titanium Sariak banatzeko orduan, bideo-joko bat nabarmendu da aurten, Tim Schafer-ek eta Kaliforniako Double Fine estudioak diseinautako Psychonauts 2 hain zuzen. Palmareseko sari nagusi biak emon deutsez, urteko bideo-jokorik onenarena eta diseinu narratibo onenarena.
Bitxikeria bat be autortu dau Tim Schafer sortzaileak sare sozialen bidez: Psychonauts 2 jokoan agiri dan funikular itxurako garraiobidearen inspirazinoa Artxandako funikularretik etorri jakon. 2015eko Fun & Serious jaialdian izan zan Schafer, eta orduan ikusi eta ezagutu eban Bilboko funikular historikoa.
Beste kategoria batzuetako irabazleen artean, aitagarriak dira It Takes Two (Hazelight Studios) diseinurik onenaren arloan; Deathloop (Arkane) arte zuzendaritzarik onenean; eta Metroid Dread (Nintendo/Mercury) soinurik onenean.
BECen egindako galea Antonio Santok eta Lara Smirnovak aurkeztu dabe. Ganera, jaialdiko azken egunak FS Play hartu dau, Bideo-joko Independenteen Nazinoarteko Topaketea. Irabazle bi izan ditu ekimen horrek: Chicory, a Colorful Tale proposamen barritzaileenaren arloan; eta Mirlo, Above The Sun Euskal Herrian egindako jokorik onenaren atalean.
Berbaldien atala be nabarmendu dabe antolatzaileek, nazinoarteko aditu ezagunek hartu dabelako parte. Igaz online formatuan izandako esperientzia ona gogoan, aurten be streaming bidez ikusi ahal izan dira berbaldi guztiak. Era horretara, BECera joan ezin izan dabenek euren etxetik entzun ahal izan ditue azalpen guztiak. Zuzeneko emonaldien 25 ordu izan dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!