Tamara Lucariniren 'Txango' estreinau, eta azken txanpan da Mendi Film

Bizkaie! 2021-12-10 12:02   Zinemea

Sariak emoteko ekitaldia zapatuan, hilak 11, izango da, Euskalduna Jauregian.

Tamara Lucarini, 'Txango' aurkezten (argazkia: BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia) | Ikusi handiago | Argazki originala

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia festibalaren 14. edizinoa aurrera doa, ohiko moduan mendiagaz eta natureagaz lotutako filmak ardatz. Domekan, abenduaren 12an amaituko dala kontuan hartuta, aurtengo jaialdia azken txanpan sartu dala esan leiteke. Hori bai, oraindino egongo da zer ikusia.

Tamara Lucarinik egindako Txango filmaren estreinaldia izan da Mendi Filmeko momentu nabarmenetako bat. Jaialdiak berak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ternuak emoten daben bekearen lehenengo edizinoa irabazi eban igaz Lucarinik, eta lan barria horren emoitzea da. Mendiko kulturea agertzen dauen zinemagintzea sustatzea da bekearen helburua. 

Mendi Filmeko eta erakundeetako ordezkariak izan dira Txango filmaren estreinako proiekzinoan, Bilboko Euskalduna Jauregian. Lucarinik bere proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu: neska mendizale bik beste lagun biri lagunduko deutse honeen lehenengo mendiko ibilaldian. Danen arteko adiskidetasuna indartzeko bidea izango da esperientzia hori. 20 minutuko ikus-entzunezkoan kontau dau mendiari eta hartu-emonei lotutako istorioa Lucarinik. 

Bide batez, Mendi Film-Ternua Bekearen bigarren edizinoko irabazlea zein dan iragarri dabe Euskaldunako ekitaldian. Marina Garciaren Lobos proiektua aukeratu dau epaimahaiak. Ganera, hirugarren edizinoan parte hartzeko deia zabalik dago.

Astegoien mamintsua

Jaialdiko azken egunetarako proposamen ugari dakarz Mendi Filmek. Gaur, barikua, Mikel Sarasolak Islandian bizi izandako abenturak ezagutu ahal izango ditu publikoak, Sail Ofizialeko Jötunn filmari esker. Kayakean ibilten da Sarasola, eta Islandian bene-benetako erronkei aurre egin behar izan eutsen, izotz eta urezko bideetan. Euskalduna Jauregian da saioa, 20:00etan. 

Ekitaldi horren aurretik, Jeremie Heitz-en berbak entzun ahal izango doguz Euskaldunan bertan, 19:00etan. Muturreko eskiaren eta alpinismoaren ikur nagusietako bat da, eta bere film barria Sail Ofizialean aurkeztera dator Bilbora.

Sariak banatzeko ekitaldia, ostera, bihar, zapatua izango da, hori be Euskaldunan (20:00). Palmaresean 13 lan sartuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu