Arantxa Urretabizkaia eta Miren Amuriza batuko ditu Bidebarrieta Kulturguneak hilaren 14an

Bizkaie! 2021-12-10 09:35   Kulturea

Literaturea eta bertsolaritzea aitatutuko ditue barriketaldian.

Arantxa Urretabizkaia (argazkia: Wikipedia/Pamiela) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean egiten diran Eztabaidak Literatureagaz saioen egitarauan, hurrengo hitzordua martitzenean, abenduak 14, izango da. Euskal literaturako autore ospetsuenetako bat konbidau dabe, Arantxa Urretabizkaia, eta Miren Amuriza bertsolaria izango dau berbalagun. Amuriza be literaturan ibilia dala kontuan izan behar da. Aritz Gorrotxategi idazlea izango da moderatzailea.

Udalak azaldu dauenez, sorkuntzearen alor guztietan aspalditik egin izan diran galderak erantzuten ahaleginduko dira Urretabizkaia eta Amuriza. Idazlea jaio edo egin egiten dan eztabaidatuko dabe, hau da, idazlearen ofiziotik zenbat dan berezkoa eta zenbat ikasia. Idazteko orduan inspirazinoak eta lanak hartzen daben lekua eta inspirazinoa non bilatzen dan be jorratuko dabe. 

Bestetik, euren lan egiteko moduaz patxadaz berba egiteko tartea hartuko dabe. Urretabizkaiak testuak zelan idazten dituan azalduko dau, eta Amurizak bertso sorkuntzeari helduko deutso.

Bidebarrieta liburutegiko aretoan izango da martitzeneko saioa, 19:00etan. Sartzea doban da, eta ikus-entzuleek osasuna babesteko oinarrizko neurriak bete beharko ditue, adibidez maskarea ondo jaztea. Bestela, nahi dauenak etxetik be ikusi ahal izango dau barriketaldia, streaming bidez zabalduko dabelako.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) euskerazko literatura garaikidearen aitzindarietako bat izan zan gaztetan, eta mende erdi inguruko ibilbideari esker, euskal letretako autore ospetsuenetako eta irakurrienetako bat da. 1972an argitaratu eban San Pedro bezperaren ondokoak poema luzea, baina hamar urte geroago irabazi eban Kritikearen Sari Nazionala, Maitasunaren magalean bildumeagaitik. Harrezkero sarri plazaratu ditu nobelak eta narrazinoak.  

Urretabizkaiaren lanik aitagarrienen artean dagoz Zergatik panpox (1979), Koaderno gorria (1998), 3 Mariak (2010) eta Bidean ikasia (2016). Azken horregaitik Euskadi Literatura Saria irabazi eban.

Miren Amuriza (Berriz, 1990) umetatik ibili da bertso giroan. Gazterik hasi zan txapelketetan nabarmentzen eta hainbat aldiz izan da Bizkaiko finalista. Euskal Herrikoan finalaurrekoetara heldu zan. Plazarik plaza be ibilten da. Literaturan, umeentzako liburuak idatzi ditu gehienbat, baina aitagarria da Basa saritua be. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu