Lau eguneko jardunaldiak, 2021eko Getxoarte amaitzeko

Bizkaie! 2021-12-09 13:10   Kulturea

Erakusketak, tailerrak eta aurkezpenak egongo dira Romo Kultur Etxean, hilaren 12ra arte.

Izaro Ieregiren 'Mugurdiak lugorrian' | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertoko sorkuntzea eta gaur gaurko proiektu artistikoak batzeko asmoz antolatu dau Getxoko Udalak 2021eko Getxoarte. Edizino honetako programazinoa biribiltzeko, lau eguneko jardunaldi artistikoak antolatu ditue, gaur, abenduak 9, hasita, eta 12ra arte. Romo Kultur Etxean dira jarduera nagusiak. 

Aurtengo Getxoarteren barruko Bitartekaritza Programako emoitzak ikusi ahal izango dira jardunaldiotan. Horrezaz gan, ume zein helduentzako jarduera osogarriak be egongo dira Romon, tartean tailerrak, jantzea, proiekzinoak eta erakusketak.

Hain zuzen be, jardunaldien lehenengo egunean zabaldu dabe Artista bat auzoan erakusketea, baina ez dago Romon, Algortako Azokan baino. Abenduaren 30era arte ikusi ahal izango da. Artista bat auzoan 2021 programan ibili diran zazpi artisten lanak batu ditue bertan. Juan de la Rica, Olatz Otalora, Igor Sarralde, Esti Amo, Marta Iraurgi, Eriz Moreno eta Albar Cirarda dira sortzaileok.

Abenduaren 10ean, Izaro Ieregi artisteak Getxoarten landu dauena erakutsiko dau Romo Kultur Etxean, Me cabezo, me cuello, te ombligo izenburupean. Egun eta leku berean, Mugurdiak lugorrian ikus-entzunezkoa proiektauko da, hori be Izaro Ieregik egina.

Abenduaren 11n, zapatua, egitarau bete-betea topauko dabe Romora hurreratzen diranek. Gazteentzako horma-pinturako tailerra, gelatina bidezko estanpazinoa ikasteko tailerra eta serigrafiakoa izango dira aukeran. Ganera, Natalia Mongek topaketea gidatuko dau, Arnasa izenburupean.

Azken egunean, domekan, barriro egingo dabe horma-pinturako tailerra, 6 eta 10 urte bitartekoentzat, euskeraz eta gaztelaniaz. Urigunean esku hartzeko gerrilla-serigrafia tailerraren bigarren zatia be egun horretan izango da, baina gaztelaniaz baino ez.   

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu