'Kulturzaleen ardureari esker', aurrera egin dau 56. Durangoko Azokeak
2021-12-09 08:38 KultureaTxanda guztiak bete dira: 25.000 bisitari.
Ez da ohiko edizinoa izan Durangoko Azokako 56.a, pandemiak eragindako neurriakaitik. Edukierea gitxituta, ordu eta erdiko txandetan banatuta, aurretiaz izena emon beharra... Halakoek ez dabe lagundu azokea normaltasunez egiten, baina egoerara egokitzen jakin dabe kulturgileek zein bisitariek. Azokako arduradunek azaldu dabenez, balorazino positiboa da: Kulturzaleen ardureari esker, Durangoko Azokako 56. edizinoa be baDA!.
Aurrez aurreko eta online formatuak buztartzearen formuleak emoitza ona emon dauela dinoe antolatzaileek. Presentzialean, txanda guztietan agortu dira lekuak eta, horrenbestez, 25.000 lagun hurreratu dira Landakora abenduaren 4tik 8ra. Beste urte batzuetan baino askoz gitxiago, baina datu bikaina gaur egungo egoeran.
Salmentak etenbakoak eta orekatuak izan dira Landakon. Ganera, gune guztietan segurtasun neurriak zorrotz bete ditue parte-hartzaile guztiek. Eskaerea egin genduan Azokan erantzunkizunez jokatzeko eta osasun neurriak beteteko, eta erantzuna bikaina izan da. Kulturaz gozau ahal izan dogu modu seguruan, eta hori danon ardureari eta konpromisoari esker izan da.
Igazko eten behartuaren ostean, aurrez aurreko plazea berreskuratzea izan da helburu nagusia, eta, muga batzukaz izan bada be, bete dabe. Pozik gagoz barriro be batzeko aukerea izan dogulako, kulturzale eta sortzaileak plazan alkartu doguzalako. Publikoaren jarrerea eskertu dabe antolatzaileek, ilarak itxaroteko, Landako hutsituteko, piloketarik ez sortzeko...
Jente gitxiago egotea oztopoa izan da, baina izan ditu alde onak be, Azokako arduradunek gogoratu dabenez. Esate baterako, erakusmahaiak ikusteko eta kulturgileakaz berba egiteko orduan, erosoago eta zabalago ibili da jentea. Horri esker, eten barik produktuak saldu ditue, beste urte batzuetako zenbakietara heldu ez diran arren. Azken batez, jente gitxiagogaz produktu gitxiago salduko zirala aurreikustekoa zan.
Alde digitalean be erantzun ona izan dau Azokeak. Abenduaren 3an zabaldu eben online dendea, eta 1.300 salerosketa egin dira, danetara 5.400 produktu. Batez besteko gastua 58 euro izan da salmentako. Ganera, Azokako webguneak 110.000 bisita izan ditu eta streaming bidezko emisinoetara 21.000 ikusle batu dira.
Durangoko Azokearen ezinbesteko osogai bihurtu diran guneetan be, pozik geratu dira arduradunak. Ahotsenean, esate baterako, kontzertu eta aurkezpenetara joateko aurretik erreserbea egitea ezinbestekoa izan da, eta saio askotan lekuak agortu dira. Danetara, 7.500 lagun joan dira gune horretara.
Irudienearen kasuan be, ezbardin baina posible, euskal kulturgintzeak merezi duen erronkea gauzatu dauela azpimarratu dau Johana Olabarria arduradunak. Mila bisitari baino gehiago izan ditue, eta ekitaldirik jentetsuenak izan dira Bañolet websaila eta Kurdistango Kobane uriko liburutegiaren historia kontetan dauen Hala ere dokumentala.
Saguganbara handi eta txikien aterpe izan da. Marina Agirrek azaldu dauenez, mila bisitari baino gehiago izan ditue, baina publikoaren joan-etorria gorabeheratsua izan da.
Szenatokiari jagokonez, Arantza Arrazola koordinatzaileak azpimarratu dau antzerki eta jantza zaleek bikain erantzun dabela. 620 ikusle pasau dira Szenatokitik aurten, eta nabarmendu dabenez, oso publiko gaztea egon da.
Kabi@ gunea aurten Landako barruko Areto Nagusian antolatu dabe, eta Diana Franco arduradunaren arabera, eztabaida mamintsuak egon dira berbaldi eta mahainguruetan. Talaiara, azkenik, gazte sortzaileakaz eta kultur eragileakaz egindako mahainguruek erakarri dabe jentea, Izaskun Ellakuriagaren berbetan. 500 lagun baino gehiago hurreratu dira liburu eta egitasmoen aurkezpenetara, eta sortzaileek eskertu dabe euren lan barriak erakusteko lekua izatea.
Behin aurtengoa amaituta, datorren urteko Durangoko Azokea atontzen hasi dira Gerediaga Alkartekoak. 2022ko abenduaren 7tik 11ra izango da.
Argazkiak: Durangoko Azoka.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!